Euskarari tokia eginez
AEK-k, Berbalagunek eta Uhagon kultur elkarteak sinatu duten hitzarmenagaz, kulturgunea udalerriko euskararen elkargune nagusi bilakatuko da.
AEK Markina-Xemeingo eragile nagusietako bat da eta Uhagon Kulturgunea herriko elkargune handienetako bat. Ez da bidean topo egiten duten lehen aldia. «Akordio hau ez da berria, urteak daramatzagu gure artean hitz egiten. Duela bi urte gutxi gorabehera hasi ginen lanean, baina gaur da eguna egi bihurtzen duguna», azaldu du Tere Bringas Uhagon Kulturguneko dinamizatzaileetako batek.
Orkatz Gandiaga Markina-Xemeingo AEK-ko eta Berbalaguneko dinamizatzaileak argi dauka elkarteko ikasleentzat aukera ezin hobea dela haien ikasketa prozesuan: «Gure ikasleei aukera eman nahi diegu klasetik gain euskaraz hitz egiten jarraitzeko. Horretarako, ez dago Uhagon Kulturgunea baino toki hoberik. Kultur etxean eskaintzen diren hainbat eta hainbat ekintzetara bideratu nahi ditugu gure kideak, horrela, kaleko hizkera hori ere landuko dute, eta ez bakarrik klasekoa».
Uhagonek, aldi berean, orain arte ez zuen publiko berri bat erakarriko du kultur etxera arte. «Antolatzen ditugun ekintzak zabaltzeko beste bide bat da, agian normalean gurera hainbeste etortzen ez den publiko hori erakarriko dugu», zehaztu du Aintzane Gandiaga dinamizatzaileak. Hirurek uste dute akordio horregaz hiru elkarteek «irabazten» dutela . «Hitzarmen hau argitara atera nahi izan dugu hiru elkarteek egiten dugun eguneroko lan hori aditzera emateko». «Hizkuntza ikasteko beste modu bat da. Ez da bakarrik hitzaldi bat entzutea, esate baterako, gero sortzen den eztabaida horretan parte hartzeko aukera dago», esan du Bringasek.
Nork bere mailakoa. Hortxe sartuko litzateke AEKren eskua, irakasleek inork baino hobeto dakitelako nora bideratu ikasle multzo bakoitza bere mailaren arabera. «Emanaldien arabera ikasle batzuk edo besteak bidaliko genituzke, azkenean bakoitzak bere euskara maila dauka, bai ulermenean zein entzumenean. Oso kontuan eduki beharreko arloa da hori, begiz jokatuko dugu, beti gure kideentzako onena bilatuz», azpimarratu du Orkatz Gandiagak.