Ilusioz eta irribarrez beteta ailegatu dira inauteriak
Gogotsu hartu dituzte Lea-Artibaiko herritarrek inauteriak. Urtebeteko etenaldia luze egin zaie. Ospakizunak izan dituzte gaur [otsailak 26], besteak beste, Aulestin, Etxebarrian, Berriatuan, Munitibarren, Lekeition, Ondarroan eta Mutrikun.

Gaurko [otsailak 26] lehenengo hitzordua Aulestin izan da, 12:30ean. Herritar asko izan dira ordua heldu baino lehen, ilusioz beterik, Torrezelairaino hurbildu direnak. Piratak, hippiak, poliziak, indioak, bakeroak, kirolariak, amonak, Disneyko pertsonaiak… Mozorro mota gutxi falta izan dira kaleetan. Hala ere, adierazi dutenez, asko beste urte batzuetakoak dira: “Inauteriak azken orduan antolatzerakoan, ondo, nahi bezala prestatzeko denbora falta izan dugu aurten”. Denak batera kalejiran joan dira plazara.
Aulestiarrentzako eguneko unerik gustukoenetako bat kuadrillen antzezpenak izaten dira. Aurten, berriz, talde bakarra aurkeztu da lehiaketara: Mama Mia taldea, alegia. Kuadrillak elizaren etorkizuna irudikatu nahi izan du, modu umoretsuan betiere, plazara bertaratu diren herritarren barre algarak eraginez. Txalo artean agurtu dituzte aurtengo parte hartzaile bakarrak. “Hain denbora gutxigaz pena da talde bakarra aurkeztu izana, baina giro bikaina eduki dugu”.
Aulestiko inauterietan, urte bakoitzean jai batzordeak herriko hiru eragile aukeratzen ditu epaile lanetarako. Aurten, Kubike aisialdi taldeak, Urzabal guraso elkarteak eta gazte asanbladak osatu dute epaileen mahaia. Ez da ezusteko handirik izan eta, zelan ez, Mama Mia taldea izan da irabazlea. Antzezpen onena egiteagatik 70 euroko saria jaso dute, baita garaikurra ere. Sari bereziari dagokionez, Partxis taldeak irabazi du; 25 euro poltsikoratu dituzte kideek. Azkenik, urtero legez, kanpandorretik jaitsi den Inauteritxuri ongietorria egin diote txalo artean.
Aulestin egitaraua ez da goizean amaitu. 16:00etatik 19:00etara umeentzako jolas parkea egon da frontoian. Arratsaldean, nagusientzako jolas karro poteoa egon da, eta gauean, kontzertua Gaztetxean.
Etenik gabe. Etxebarrian ospakizunak arratsalderako utzi dituzte. Udalak moldaketa txiki batzuk egin behar izan ditu ohiko egitarauan: COVID-19agatik, ez da urteroko herri bazkaria egin, esate baterako. 17:00etan abiatu da desfile musikatua frontoitik, eta herriko kaleak zeharkatu ahala, jendea desfilera gehituz joan da. Ijitoen familia eta hezkontza, jirafak, lehoiak, izurdeak, printzesak, lapurrak,… denetarik batu da. Abiapuntura itzuli dira trikitixa eta pandero hotsekin, eta mozorro lehiaketen sari banaketari ekin diote: Hauek izan dira irabazleak:
- 0-4 urte bitartean: Iker Olalde.
- 5-8 urte bitartean: Iban Cuende.
- 9-12 urte bitartean: Nora Errazti.
- 13-16 urte bitartean: Naia Iruguenpagate.
- 17 urtetik gora: Ainhoa Guenaga.
- Talderik onena: Los Simpson.
Sari banaketa amaitu bezain laster, umeak jesarlekuak hartzen hasi dira. 18:30ean hasi da Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoen ikuskizuna, frontoian. Ostean, txokolate beroa hartu dute etxebarritarrek bizkotxoekin lagunduta.
Lehen hitzorduak. Herenegun [otsailak 24], eskualdeko lehendabizikoak izan ziren Berriatuko herritarrak inauteriekin hasten. Txitxiburduntzia egin zuten herriko plazan. Mutrikun atzo [otsailak 25] hasi ziren. Pikomelastos eta Banda Txikiren kalejirarekin, ikastolatik Beheko Plazarako bidea osatu zuten. Ondarroan ere atzo hasi ziren aratusteetako prestaketekin, umeentzako eta helduentzako dantzen entseguak egon ziren, Kofradia Zaharrean. Askott gaua txikiteo abestua eduki zuten lekeitiarrek atzo, eta gaur berriro ere musika izan da Lekeitioko aratusteetako protagonista; Lekitto Musika Bandak kontzertua eskaini du Nautika aurrean, eta Aratuste Alai estudiantinak kalerik kale zabaldu ditu doinuak. Etorkizuna dantza taldekoak ere aritu dira kalejiran.
Inauteriek ez dute etenik. Bihar [otsailak 27] dute inauterietako egun handia Markina-Xemeinen, eta Gizaburuagan ere mozorrotzeko eguna izango dute. Martitzenera arte jarraituko du jaiak, besteak beste, Lekeition eta Ondarroan.




















































































































