150 emakumek parte hartu dute Lekeitioko Andra Martxian
Mendi irteera antolatzen zen lehen aldia izan da eta “oso arrakastatsua” izan da.
“Gure aurreikuspen denak goitik behera aldatu dira eta ondo joan ez gero, errepikatu nahi dugun ekimena da”, zioten antolatzaileek hasieran. Lekittoko Mugimendu Feministak antolatutako lehen Andra Martxiak 150 emakume batu zituen joan den zapatuan [apirilak 30]. Antolatzaileek eginiko deiari erantzunez, parte hartzaileek more kolorez bete zituzten inguruko bazterrak.
Aurreikuspen onenetik urrun geratu ziren, azkenean ez bakarrik lekeitiarrak baita inguruko herrietako emakumeak hurbildu zirelako, Gernika, Ondarroa, Berriatua edota Gautegiz-Arteagakoak ere. “Lehen aldia izateko, espero baino askoz arrakastatsuagoa izan da, gainezka egin digu emakumeen harrerak”, azaldu dute. 18 kilometroko ibilbide luzekoak 08:30ean irten ziren eta hamar kilometroko ibilbide laburrekoak 10:00etan.
Gainera, Lea-Artibaiko Rallyeko errepide itxieraz beldur baziren ere, bideak zabalik aurkitu zituzten, “inolako arazorik gabe osatu ahal izan genuen ibilbidea”. 12:00etan denak batu ziren eta prestatutako jan-edanaz gozatzeko aukera izan zuten. Gero, denak batera herrira jaitsi ziren eta bakoitzak bere bidea hartu zuen, berriro topo egin arte.