Etxebarriko Udalak Ganadu Azoka antolatu du, ekainaren 11n
Izen ematea maiatzaren 9tik 20ra izango da udaletxean.
Ekainaren 11n animalien erakusketa eta salerosketa egongo da, Etxebarrian. Udalak Ganadu Azoka antolatu du 10:00etatik 14:00etara. Izena emateko epea maiatzaren 9an zabalduko da eta hilaren 20an amaitu udaletxean 09:00etatik 14:00etara, 94 616 64 32 telefono zenbakian edo udala.etxebarria@bizkaia.org posta elektronikoan.
Bertan parte hartzeko baldintzak zehaztu dituzte dagoeneko. Hasteko, parte hartzea librea eta doakoa izango dela jakinarazi dute, baina dietak jasotzeko erakusketako animaliek herrikoak izan beharko direla zehaztu dute. Sei hilabetetik gorakoentzat, zaldi, behor, mando, asto eta poni bakoitzeko 50 euro banatuko dituzte eta 100 euro behi, txahal eta idi bakoitzeko. Sei hilabetetik gorako loteetan, bederatzi ardi eta ahari batentzako 100 euro izago dira eta bederatzi ahuntz eta aker batentzako beste 100 euro.
Euskal arrazako etxe-abereak ekartzen dituztenak izena ematea ziurtagiria aurkeztu beharko dutela esan dute: Oilo, untxi, antzar, ahate eta ahuntzak, bi eme eta ar bateko loteko 50 euro eta euskal artzain-txakur bakoitzeko 20 euro. Azkenik, jabeak abere klase bakoitzeko gehienez lau bururen dietak kobratuko dituela zehaztu dute antolatzaileek.
Egunean bertan, garraioa jabe bakoitzaren kontura izango da. Animaliak sokan lotuta egon beharko dira erakusketak irauten duen denbora osoan. Osasunari dagokionez, indarrean dauden arauak bete beharko dituzte parte hartzaileek, hau da, fisikoki edo izena ematerakoan posta elektroniko bidez, animalien kartilla aurkeztu beharko dute.
Horrez gain, ortuariak, gazta, ogia edo bestelakoak saldu nahi dituztenak mahaiak jarriko ditu Etxebarriko Udalak.