Gababusa, berriro ere martxan
Jaietako gauetako autobus zerbitzua martxan jarriko dute barikutik aurrera [maiatzak 6] Lea-Artibai eta Lea Ibarrako amankomunazgoek.
Pandemiaren unerik zailenak pasa eta gero normaltasunera ari dira bueltatzen herritarrak, udalak eta gizarteko beste hainbat eragile. Jaiak itzuli dira, esate baterako. Horretaz jakitun, Lea-Artibai eta Lea Ibarrako Amankomunazgoek Gababus zerbitzua berreskuratu nahi izan dute berriro. “Helburua da beste herrietako giroaz gozatzera joango direnei segurtasunez bertatik bueltatzeko aukera ematea”, adierazi dute.
Autobusa Lea-Artibai eskualdeko 16 urtetik gorako gazteei dago bideratuta: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar. Tiketak eta autobusaren inguruko informazio guztia udalerri bakoitzeko ohiko puntuetan dago eskuragarri dagoeneko. Markina-Xemeinen, esate baterako, Berton bulegoan 08:15etik 14:30era, eta Lekeition kultur etxean arratsaldeko ordutegian. Sarrera bakoitzak hiru euro balio ditu.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, joaneko bidaien ordutegia jaien arabera izango da eta itzulerarako bi aukera egongo dira, 03:00etan edo 05:00etan. Era berean, garraio publikoa izaterakoan, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango dela eman dute jakitera. Autobusean ezingo da janaririk edota edaririk eraman.
Hauek dira Gababusa izango duten jai egunak:
- Maiatzak 6, Berriatua
- Ekainak 11, Oletako jaiak
- Ekainak 25, Ondarroako Zapatu Azule
- Uztailak 1, Amorotoko kontzertua
- Uztailak 15, Markina-Xemeingo jaiak
- Uztailak 23, Etxebarriko jaiak
- Abuztuak 2, Mendexako jaiak
- Abuztuak 17, Ondarroako jaiak
- Irailak 1-5, Lekeitioko jaiak
- Irailak 5, Lekeitioko Antzar eguna
- Irailak 23, Aulestiko kontzertua