Lekeitioko Udalak udarako aparkaleku eskaera epea zabaldu du
Herritik kanpo lan egiten duten herritarrentzat dago bideratuta eta aurten beste gune bat gehitu dute.
Atzotik aurrera [maiatzak 3] zabalik dago aparkaleku eskera egiteko epea, turismo bulegoan. “Helburua da udalerritik kanpo lan egiten duten herritarrek herrira bueltatzean euren autoa aparkatzeko aukera gehiago izatea”, adierazi dute. Ekainaren 1etik irailaren 30era astelehenetik barikura 14:30etik 21:00etara baimenduek aparkatu ahalko dute soilik zehaztutako guneetan. Aurten, udalak beste gune bat zabalduko du, Eliz Atea kalean, hain zuzen ere. Guztira 750 aparkaleku egongo dira eskuragarri.
Jakinarazi dutenez, aurreko urteetako pegatina laranja dutenek aurten ez dute berriro eskatu beharko, pegatina horrek uda honetan ere balio baitu. Pegatinarik ez dutenek edo alta berriek pegatina eskuratu ahalko dute turismo bulegoan eskaera eginez. Aparkatzeko baimenak 3 euro balio ditu.
Guneak. Guztira sei gune dira aparkaleku zerbitzu berezi izango dutenak. Paskual Abaroa etorbidea 26-bisetik Talara, eta San Juan Talako; San Andres, Eusebio Maria de Azkue, Pidade, San Bixente Ferrer, Antiguako Ama eta Basoaldea; Zumatzeta, Buenaventura Zapirain, Otxoa Urkiza eta Agirre Solarte 1etik 17ra; Aldamiz Etxebarria 1, 3, 5, 22, 24 eta 26 eta Letraukua 8 eta 9; San Antolin, Aldaztorre eta Carlos Solano kaleak osorik; Txatxo Kaia kalean plaza eta portuaren arteko gunean; Eliz Atea kalea.