Aimar Aldazabal: "Urte hasiera oso ona izan da, nahiz eta txapelik ez eskuratu"
Berrituarrak bi bigarren postu eta hirugarren postu bat eskuratu ditu aurten. Hala eta guztiz ere, ez du Euskal Herriko zirkuiturako toki finkoa lortu, eta aukera itxaron beharko du.
Momentu gozoan zaude. Azken hiru txapelketetan bi aldiz izan zara txapeldunorde eta baten hirugarren.
Jokatu ditudan azken bost finalak galdu ditut, baina finaletara ere heldu beharra dago. Emaitzekin oso pozik nago, zorte puntu hori falta izan zait. Duela lau urte besoko lesioa izan nuenetik eta atzeko koadroetara pasatzeko erabakia hartu nuenean, ez nuen esango horrelako maila emango nuenik. Urte hasiera oso ona izan da niretzat, nahiz eta txapelik ez lortu.
Lehendabizi, Gernika-Lumoko Jai Alai Winters Seriesen.
Itzela izan zen. EITBk apustu sendoa egin zuen zesta-puntaren alde, eta mediatikoki horrek asko eman zigun. Gainera, hasiera batean ikusle aldetik murrizketak egongo zirela esan ziguten, zorionez, kendu zituzten, eta giro ezin hobea bizi izan genuen. Asteak pasa ahala gero eta ikusle gehiago etorri ziren frontoira. Finalaren aurreko gauean ia ez nuen lorik egin, banekien 2.000 pertsona nituela zain. 20 urte daramatzat jokatzen, txapelketa asko, oso desberdinak, hamaika tokitan, eta ez dut inoiz horrelakorik bizi.
Gero Daniara itzuli zinen Battle at the Palace txapelketara, baina apusturik gabe.
Oporretan nengoela eman zidaten Battle at the Palace txapelketa jokatzeko aukera, eta pentsatu barik baiezkoa eman nuen, ezin aproposagoa zen niretzat. Gero, anaiaren deia jaso nuen esanez bertako arduradunek batera jokatzea nahi zutela. Daniako frontoikoek Euskal Herrian bizitako eztanda hori baliatu nahi zuten bertan ere, apustuetatik kanpo, zesta-punta bultzatzeko. Ez dute hiltzen utzi nahi. Kristalezko frontoia daukate oraindik, baina zeharo desberdina da, beste modalitate bat. Mediatikoki inbersio askorik egin ez zuten arren, ikusle asko egon ziren harmailetan, puntista ohi asko batez ere.
Joan den astean Donibane Lohitzuneko All Starrean tanto bakarrera geratu zinen Aritz Erkiagagaz.
Aritz Erkiagaz jokatzen duzunean beti egongo zara txapeldun izendatzeko borrokan; gaur egungo pilotaririk onena da. Nire burua ikusi nahi nuen aurretik atzera jokatzera pasa nintzelako aste batetik bestera, eta hori asko igartzen da. Ez da prozesu erraza. Lehenengo partidan batez ere asko nabaritu nuen, frontoian ezin lekua aurkituta egon nintzen, eta gutxigatik galdu genuen. Hurrengo partidetan hobeto aritu nintzen, eta finalean gustura egon nintzen, zorte apur hori falta izan zitzaigun.
Maiatzaren 14tik ekainaren 14ra Donostian, ekainaren 18tik uztailaren 16ra Markina-Xemeinen, uztailaren 23tik abuztuaren 16ra Gernika-Lumon eta uztailaren 15etik urriaren 1era Hondarribin egongo dira txapelketak. Zortzi puntista finko daude, gainontzekoak merituen arabera aukeratuko dituzte. Azkenengo emaitzak ikusita, aukerak izan beharko zenituzke.
Momentuz, azken orduko aldaketarik ez badago, ez dut Donostian eta Markina-Xemeinen jokatuko. Hala ere, ni lanean jarraituko dut jokatzeko aukera horren zain. Gaur, adibidez, Noainen jokatuko dut, eta aukerak baliatu behar ditut nire maila erakusteko. Gernika-Lumon jokatzeko aukera izatea espero dut, maila ona erakutsi nuelako aurreko txapelketan. Denek ezin dugu denetan jokatu, baina beti dago aukeraren bat, dena jokatuko duten gutxi horientzako ere gogorra izango da, eta lesioak agertu daitezke, esate baterako.
Hau dena bikoteka, baina banakako txapelketa etxean, Berriatuan jokatuko da. Gorriz markatuta duzu egutegian?
Arantza daukat sartuta. Azkenengo bi urteetan finalean galdu nuen, eta iaz lunbalgiaz jota ezin izan nuen jokatu. Imanol Lopezen aurka nire maila eman nuen, baina ez zen nahikoa izan, eta Jokin Arbegaz gehiegi estutu nuen neure burua. Txapelketa oso garrantzitsua da niretzat, buruz buru nire dohaientzako modalitate ezin hobea da. Espero hirugarrena ona izatea, gogor entrenatuko dut, denbora luzaroan, ondo egokitzeko.