Leartiker eta Kautenik enpresak 'Future: Fast Forward'-eko bazkide dira
Markina-Xemeingo eta Berriatuko enpresek ibilgailu elektrikoen garapenean lan egingo dute.
Future: Fast Forward proiektuko buru nagusiak Volkswagen eta Seat dira, baina guztira Espainiar Estatuko hamaika autonomi-erkidegotako (Andaluzia, Aragoi, Kantabria, Gaztela eta Leon, Katalunia, Madrilgo Erkidegoa, Valentziako Erkidegoa, Extremadura, Galizia, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa) 62 enpresek parte hartzen dute.
Horietako bi Lea-Artibai eskualdekoak dira, Markina-Xemeingo Leartiker eta Berriatuko Kautenik enpresak, hain zuzen ere. Horrez gain, parte hartzen duten enpresen %61a ETEak dira, hau da, enpresa txiki edo ertainak, eta guztien artean ibilgailu elektrikoen balio-kate osoa osatzen dute. Proiektu honek Espainiar Estatuko automozioaren historiako enpresa talde handiena da. Helburua da Espainia Europan ibilgailu elektrikoen hub bihurtzea da, hau da, kargatzeko gunerik handienean.
Leartikerreko Garraio Iraunkorrean espezializatutako sailak proiektu bat gidatuko du ekimen honen barruan, automobilgintzarako kautxuzko piezen fabrikazioan espezializatutako Kautenik enpresarekin batera. Zentro Teknologikoak karakterizazio mekaniko azeleratuko teknikak eta Adimen Artifizialaren bidezko metodologia prediktiboak garatuko ditu, produktu polimerikoen azken portaera aurreikusi eta aurreratzeko. Gainera, eskakizunak maila osagarrian baliozkotzeko metodologia birtuala garatzea ere aurreikusten da.
Proiektuak lau ardatz nagusi ditu. Batetik, Volkswagenek eta Seatek Iruñean (Nafarroa) eta Martorellen (Bartzelona, Herrialde Katalanak) dituzten fabrikak elektrifikatu nahi ditu. Enpresa-taldearen proiektuaren bigarren zutabea Espainian auto elektrikoentzako baterien ekosistema osoa sortzea da, meategietan litioa erauzten denetik bateriak muntatzen diren arte, Sagunton (Valentzia) baterien faktoria erraldoi bat barne.
Hirugarren ardatzak ibilgailu elektrikoentzako funtsezko osagaiak Espainiar Estatuan kokatzea du helburu, eta laugarrenak prestakuntzarekin, digitalizazioarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako esparruak biltzen ditu.