73 akuarelak apaintzen dute Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunea
Ricardo Ruiz de Gopegi Rivera artistak bere akuarela lanak ikusgai jarri ditu Markina-Xemeinen. Erakusketa ikusgai egongo da maiatzaren 28ra arte Uhagon kulturgunean.
Ricardo Ruiz de Gopegi Riveraren margoak mirestu daitezke egunotan Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko hormetan. Artistak adierazi duenez, itxialditik erakusketara bitartean egindako lanek eta aurretik margotutako batzuk osatzen dute erakusketa.”Lan batzuk saldu egin nituen eta beste batzuk oparitu, eta beraz, erakusketa osatzeko, beste koadro batzuk ere margotu ditut”. Azken horien artean daude, esate baterako, mihise gainean islatu dituen Markina-Xemeingo Sakoneta baserria eta Barroeta auzoa. “Bi horiek, erakusketa zabaldu aurreko azken hilabetean margotu nituen, espresuki bertarako”.
![](https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2022/05/ricardo-ruiz-de-gopegi-rivera-500x282.jpg)
Ricardo Ruiz de Gopegi Rivera Uhagoneko erakusketan.
Guztira 73 obra jasotzen ditu erakusketak; kultuguneko kafetegian daude ikusgai gehienak, baina, baita txiki batzuk ere, lehen solairuko erakusketa aretoan. Landa zein kostako paisaiak, zubiak, txalupak, baserriak, natura hila… eta Markina-Xemeingo kaleak ere irudikatu ditu, Guen Kalea, Vega aurrea, Zear kalea, baita zubi bat ere.
Azaldu duenez, guztiek dute istorio txiki bat atzean. Lan batzuek Irlandako paisaiak erakusten dituzte, esate baterako: Irlandako labar ezagunak, Donegal konderria… Irlandagaz harreman estua duela aitatu du artistak, bere alabaren senarra izango dena irlandarra da-eta. Landetako errekortarien akuarela bi ere jarri ditu. “Nire lehengusu baten lagun batek horrelako bat margotzeko eskatu zidan opari modura, eta azkenean bost margotu nituen, horietako bi bi dira erakusketakoak”. Bestalde, herrialde ezberdinetako hirietako skyline bilduma bat ere margotzen hasi da artista sestaotarra, eta horietako bi ekarri ditu Markina-Xemeingo erakusketara: New Yorkekoa eta Singapurrekoa. “Akuarelagaz hasi nintzenetik margotu ditudan koadro handienak dira; 70×50 tamaina daukate”. Oxford-eko akuarela bat ere badago, Orratz liluragarrien hiria (La ciudad de las agujas de ensueƱo), bere semeek han ikasi zuten-eta, eta tartean erretratu bat ere bai. “Sestaon zinegotzi egon zen gizon baten antza duela esan zidaten. Herriko gizona zen, beti laguntzera joaten lehenengoa, eta haren omenez, Borrokalari zaharra (El viejo luchador) izena jarri diot koadro horri”.
![](https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2022/05/ruiz-de-gopegiren-akuarelak-500x168.jpg)
Ruiz de Gopegiren akuarela batzuk.
Erakusketa ikustera hurreratzen direnek sinadura liburu bat ere aurkituko dute kafetegian, Van Gogh-en esaldi bategaz lagunduta; nahi duenari bere iritzia adierazi eta sinatzeko gonbita egin dio artistak. Erakusketa datorren maiatzaren 28ra arte egongo da zabalik.