Etxebarriko udalekuetan izena emateko epea zabaldu dute
Udalak eta Guraso Elkarteak antolatutako udalekuetan izena emateko azken eguna maiatzaren 20a da.
Beste hainbat herritan bezala, Etxebarrian ere udara begira udalekuak antolatzen hasiak dira. Aurten 2 eta 12 urte bitartekoentzat eta 12 eta 16 urte bitartekoentzat umeentzat daude zuzenduta udalekuak. Bi astetako txandetan antolatu dituzte eta jakinarazi dutenez, txanda baten, bitan edo denetan izena emateko aukera egongo da. Izena emateko epea zabalik dago eta maiatzaren 20an (barikua) amaituko da.
Etxebarriko Udalak eta Guraso Elkarteak bi multzotan banatu dituzte udalekuak. 2 eta 12 urte bitartekoentzat hiru txanda antolatu dituzte, lehen eta azken eguna barne, 09:30etik 13:30era. Lehenengoa ekainaren 20tik uztailaren 1era, bigarrena uztailaren 4tik 15era eta hirugarrena uztailaren 18tik 29ra.
Nagusiagoentzako beste formatu baten aldeko apustua egin dute, bi txandakoa izango da bakarrik eta ordutegi murriztuago batean, bi ordukoa, 11:00etatik 13:00etara. Lehendabiziko txanda uztailaren 4tik 15era eta bestea uztailaren 18tik 29ra. Horrez gain, bigarren multzo honetako udalekuak tailer moduan antolatu dituzte eta esan dutenez, gutxienez hamar umeko taldea osatu beharko da multzoa aurrera eraman ahal izateko.
Kuotak ezartzerakoan Etxebarriko Udalak “pandemiak eta egungo energia-krisiak eragindako zailtasun ekonomikoak” izan ditu kontuan. Era berean, euskara eskola eremutik kanpo garatzea jarri dute helburu nagusitzat. Udalak %100ean finantzatuko die udalekuak herriko eskolan dabiltzan umeei edo herrian erroldatuta daudenei. Hori bai, apuntatuz gero, haurrak udalekura bidaltzeko “konpromisoa” hartu behar dela esan dute: “asistentzia bermatzeko izena ematerakoan 30 euroko fidantza jarri beharko da ume bakoitzeko”. Gauzak horrela, jarritako diru hori berreskuratzeko, gutxieneko %90eko asistentzia bete beharko du umeak. Bestalde, herrikoak ez direnek 100 euro ordaindu beharko dituzte txanda bakoitzeko.