Leatarren eguneko herri bazkarirako tiketak salgai daude
Maiatzaren 21eko Mendexarako txartelak eskuratzeko azken eguna domekan [maiatzak 15] da.
2020an ospatzekoa zen Leatarren eguna, hiru urterik behin ospatzen baita, baina pandemiaren eraginez atzeratu beharra izan ostean 2022an jaialdia berreskuratuko dute maiatzaren 21ean Mendexan. Tiketak dagoeneko salgai daude Lea Ibarrako hainbat herritan: Munitibar, Aulesti eta Amorotoko Udaletxeetan, Gizaburuagako herriko tabernan eta Mendexan bertan Gurekabia eta Mahaigaineko tabernetan. Era berean, tiketekin batera, bi euroren truke Leatarren eguneko zapia erosteko aukera dago.
Lea-Ibarreko Mankomunazgoak eta ‘Mendi, Ibai eta Itsaso artien leatarrok elkarlanean’ elkarteak hiru menu desberdin prestatu dituzte. Alde batetik, 18 urtetik gorako nagusientzako menua eta menu beganoa izango da aukeran, biek ala biek 20 euro balio dute. Lehendabizikoan, barazki paella, oilasko errea patatekin, gazta tarta, ogia, ura, ardo, kafea eta kopa batez dago osatuta eta beganoan bigarren platera eta postrea da aldatzen den bakarra, barazkiekin betetako arbejiniak eta fruta sartuz, hurrenez hurren. 13 eta 18 urte bitartekoek 15 euro ordaindu beharko dituzte bi menu hauengatik. 12 urtera arteko umeek, berriz, haien menua izango dute oilasko paellagaz, solomoagaz saltsan patata txip-ekin, yogurtagaz, ogiagaz eta uragaz 10 euroren truke.