Xabier Etxanizek eta Ainara Saizarrek irabazi dute Markina-Xemeingo III. Helduen Trikitixa Txapelketa
Bigarrenez jantzi dute Markina-Xemeingo lehiaketako txapela. Goizetik ekarri du giro ona Baserri Egunak. Ilara handiak egin dira Plazabarripean bildots erre pintxoak dastatzeko.
Ikusleak gozarazi ditu aurten ere, Baserri Egunaren baitan ospatu den Markina-Xemeingo Helduen III. Trikitixa Txapelketak. Onenetik onena eman dute gaur [maiatzak 14] Uni frontoiko oholtzara atera diren bost bikoteek. Ikuskizun paregabeari txalo zaparradekin erantzun diote ikusentzuleek. Senide, lagun eta trikiti zalez bete dira harmailak, eta animorik ez dute falta izan parte hartzaileek.
Txapelketa hasi orduko, ezusteko berezi modura kanta batzuk eskaini dituzte antolatzaileek, Itxaso Zubizarretak eta Rakel Pujanak. Biak batera lehenengo, eta Pujanak beste batzuekin lagunduta, ondoren.
Txapelketako parte hartzaileek launa pieza jo dituzte, eta Edurne Iturbek, Galder Elortzak, Xabier Aburruzagak, eta Rakel Pujanak osatutako epaimahaiaren erabakiz, Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar izan dira irabazleak 758,5 puntugaz. Bigarrenez irabazi dute, lehen txapelketan ere garaile izan ziren. Haiengandik 49 puntura geratu dira Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta (709,5). Hirugarren sailkatuak Leire Zumeta eta Amaia Arza izan dira (673,5), laugarrenak Mirari Azkune etxebarritarra eta Aintzane Agirrebeña (648) eta bosgarrenak Laja II. eta Lutxurdio. Irabazleek txapelak eta 1.000 euro lortu dituzte, bigarrenek 700 euro, hirugarrenek 600 euro, laugarrenek 300 euro eta 250 euro bosgarrenek. Horrez gain, Hamen Bertokoaren produktuak jaso dituzte opari parte hartzaile guztiek. Ohi modura, irabazleen saioagaz amaitu da txapelketa. Horren aurretik hitz batzuk esan ditu Etxanizek lagunen eta etxekoen babesa eskertzeko, eta amari eskaini dio garaipena.
[Ikusi zuzenean BASERRI EGUNEKO ARGAZKI GALERIA]
Goizetik. Baserri Eguneko giroa, baina, ez da hasi arratsaldean. Eskualdeko ekoizleen produktuak eskuratu eta burduntziak erretako bildotsa dastatzeko aukera eduki dute goizean herritarrek eta jai gogoz Markina-Xemeinera hurreratu diren inguruetako herrietako bizilagunek.
Guztira, 30 bildots erre dituzte burduntzian, eta horietatik, gutxi gorabehera 900 bat pintxo atera dituzte. 09:00etan sua piztu eta 10:30 aldera hasi dira bildotsak erretzen Elorrioko Karlos Ibarrondoren taldekoak Plazabarripean: Luis Maren eta Ander Arrasate.”Bueltak eman eta lekuz aldatzen joaten gara, eta behera begira jartzen ditugu, azala ez erretzeko”.
Beste behin ere, eskaera handia izan da; ilara luzeak egin dira bildots pintxoak jateko. Patxi Baskanenak izan dira bildotsak, eta berak ere lagundu du piezak mozten. Horiez gain, zortzi neska-mutil boluntario aritu dira laguntzen, pintxoak banatu, ogia moztu edota txartelak saltzen, baita ere urtero esku bat botatzen duten beste hiru emakume ere.
[Ikusi zuzenean BASERRI EGUNEKO ARGAZKI GALERIA]
Pintxo Bidea. Eneko Arratek aurkeztuta, Hemen be bai merkatari eta ostalari elkarteak antolatutako 3. Pintxo Bidea lehiaketaren sari banaketa egin da 12:00etan, bertan Plazabarripean. Epaimahaiak horrela erabakita, pintxo onenaren saria Ilunpe tabernarentzat izan da. Epaimahaiaren erabakiagaz bat egin dute hiru egunetan tabernaz taberna pintxoak dastatzen aritu diren bezeroek ere. Irabazlea zein izango zen asmatu duenari ere saria eman diote; Antxon Askaiturrietarentzat izan da hori. Kilometro 0 saria, berriz, Mugarri tabernak lortu du eta hamar pintxoak dastatu zituztenen bezeroen artean zozketa eginda Maria Isabel Imazi egokitu zaio azkena. Aurten ekimena Etxebarrira ere zabaldu da, eta beraz, Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateagaz gainera Idoia Odriozola Etxebarriko zinegotziak ere parte hartu du sari banaketan. Daysi fruta dendako eta Hemen be bai elkarteko ordezkariek eman dituzte gainerako sariak.
Jakinarazi dutenez, guztira 3.700 pintxo saldu ziren hiru egunetan, eta epaimahaiaren arabera maila asko igo da. Pixkanaka inguruetako herrietatik hurbiltzen ari direla aipatu dute antolatzaileek.