Arai Lejardi eta Erika Mugartegi Espainiako zesta-puntako txapeldun izendatu dira
Markina-Xemeingo puntistek finalean Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal berrituarrak hartu zituzten mendean zapatuan [maiatzak 14], Iruñeako Labrit pilotalekuan.
Lea-Artibai eskualdeko puntisten indarra agerian geratu zen beste behin Espainiako Txapelketan. Markina-Xemeingo bikotea eta Berriatuko bikotea aurrez aurre Iruñeako Labrit frontoian jokatutako finalean. Finalaurrekoetan, Ispasterren, berrituarrek bi setetan eskuratu zuten garaipena Elaia Gogenola eta Maddi Bereziartuaren markina-xemeindarren aurka, 15-7 eta 15-10. Lejardik eta Mugartegik, berriz, lan gehiago egin behar izan zuten Mutrikuko Danok Bat taldeko Ortiz de Mendivil eta lizardi gainditzeko, 15-12 eta 15-13.
Ondo baino ezagutzen ezagutzen dute elkar finaleko lau pilotariek, beraz, sorpresentzako tarte gutxi zegoen. Horrelakoa izan zen finala, oso berdindua. Arai Lejardik eta Erikak hirugarren eta azken seta behar izan zuten Ihart Arakistarin eta Maialen Aldazabal gainditzeko, 12-15, 15-13 eta 10-8.
Ia astebururo jokatzen dute elkarren aurka, baina zapatuan Espainiako Txapelketa zegoen jokoan. Berrituarrak hobeto sartu ziren partidan eta lehen abantailak lortu zituzten markagailuan, txikiak baziren ere. Hala ere, markina-xemeindarrek burua hotz mantendu zuten eta atzetik ibili arren, ez zuten amore eman eta Arakistainek eta Aldazabalek gogotik egin behar izan zuten lan lehen seta irabazteko, 12-15.
Beharrizanaren premiagaz Markina-Xemeingo bikoteak indartsu ekin zion bigarren setari. Piloteoak gehiago landu zituzten eta aurreko koadroetan izandako aukerak hobeto baliatu zituzten aurrea jartzeko. Berriatuarrek ez zuten azken hitza esan, finala bigarrenen setean amaitzea nahi zuten, hirugarrenera heldu barik, bide laburretik. Arai Lejardik eta Erikak 15-13 irabazi zuten.
Berdintasunaren seinale, Espainiako Txapelketako finala azken setean erabakiko zen. Urduritasuna agertu zen bi bikoteetan eta hutsak eta tantoak uztartu zituzten. Azkenean markina-xemeindarrek lasaiago jokatzea lortu zuten eta horrela eskuratu zuten txapela.