Boxeo jaialdia antolatu du Lekeitioko Udalak, Santi Brouard kiroldegian
Zapatuan [maiatzak 21] maila ez profesionaleko sei borroka jokatuko dira Bizkaiko Boxeo Federakuntzaren laguntzagaz
Jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai daude eta egunean bertan erosteko aukera egongo da. Aurretiaz erosi nahi dutenek Lekeitioko Maite, Irrintzi, Gol eta Kai abixa tabernetara hurbilduko beharko dira sarrerak erosteko 10 euroren truke. Hala ere, zapatuan [maiatzak 21] Santi Brouard kiroldegiko leihatiletan ere salgai egongo dira 12 eurorengatik.
Jaialdia 19:00etan hasiko da eta Lekeitioko Udalak, Bizkaiko Boxeo Federazioaren laguntzagaz sei borroka antolatu ditu. Boxeo olinpikoko borrokak dira, hau da, ez dira profesionalak eta ondorioz hiru minututako hiru asaltora jokatzen da. Borrokalariek 17:00etan osatu beharko dute pisaketa Maite tabernan.
Lehen borroka emakumezkoena izango da, antolatzaileek “ahalegin berezia” egin nahi izan dute behintzat emakumezkoen borroka bat antolatzeko, Uzuri Arebalo eta Oibar Artetxe egongo dira aurrez aurre. Gero, adostutako 60 kiloetan Michael Debia eta Wellintong Mandsierocha neurtuko dituzte indarrak. 64 kilotan Jon Pinuagak eta Cristofer Mozok lehiatuko dute. Ondoren Oier Ibarretxe eta Markel Ortizen txanda izango da, Antton Vazquezek eta Johan Gonzalezek 59 kilotan borrokatuko dute eta Ander Blancok eta Jorge Urbinak 67 kilotan.
Borroka denak ala denak hiru asaltokoak izango dira, bakoitzak hiru minutuko iraupenagaz. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azken orduko aldaketaren bat egon daiteke parte hartzaileen artean.