Umeen aurkako sexu abusuen aurkako jardunaldiak antolatu dituzte, Markina-Xemeinen
Barikuan [maiatzak 20] Lea Artibai ikastetxeko Enpresa aretoan hitzaldiak egongo dira goizean.
Lea-Artibaiko Amankomunazgoak antolatu du Ume eta nerabeen kontrako sexu-abusuak: nagusion kontua da izenburuagaz aurrez aurrezko jardunaldi hau. Hitzordua barikuan [maiatzak 20] da 09:00etatik 14:15era Markina-Xemeingo Lea Artibai ikastetxeko Enpresa aretoan. Helburua da inguruko profesional eta eragileek lanean ume eta familiekiko arreta hobetzea.
XX. mendea haurren mendetzat hartua izan da eta haurren aitortza eta eskubideetan jauzi handia eman bada ere, “oraindik egiteko asko” dagoela esan dute antolatzaileek. Adituen arabera, nesketan lautik batek eta mutiletan zazpitik batek sexu abusuak pairatu ditu, pairatzen ari da edo pairatuko ditu 13 urte bete baino lehen. “Ezgaitasunen bat duten haurrak abusu sexualak jasateko 10 aldiz aukera gehiago dute”, adierazi dute. Gainera, gizarte osoan zabaltzen den arazo bat da, berdin dio kulturak, arrazak edota maila ekonomikoak, azken honetan gutxiago ematen bada ere goi mailako inguruetan.
Jardunaldietan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da eta horretarako bi bide zabaldu dituzte. Batetik, 94-616 90 78 telefonoa, eta bestetik, gizartezerbitzuak@lea-artibai.org posta elektronikoa. Guztira zortzi hitzaldi daude egitarauan, zein baino zen desberdinagoa eta askotarikoa.
09:00etan Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikoetako sailburuak jardunaldiaren sarrera eta partaideei ongi etorria egingo du. Lehen hitzaldia Ignacia Arruabarrena psikologian doktoreak eman du “Euskadin sexu indarkeria ume eta nerabeei: prebalentzia, ezaugarriak eta ondorioak” izenpean. Ondoren, arlo judiziala landuko dute Iñaki Subijana Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidentearen eskutik. Pepe Godoyk “bibentzia bat” hitzaldia eskainiko du ere. Jardunaldiaren lehen zati amaitzeko, Susanna Miguellek haurtzaroaren kontrako sexu abusuen begiradak aztertuko ditu. 11:30ean atseden hartzeko ordu erdiko tartea zabalduko dute.
Bigarren atalari hasiera emateko Rosa Lizarragak eta Jose Ramon Elizondok haurtzaroan sexu abusuak jasan dituzten umeekin esku hartzeko eta detekziorako gakoen inguruan mintzatuko dira. Bide beretik, esku hartzean batez ere oinarrituz, Ainhoa Zabaletak eta Maitane Urizarrek pediatriaren ikuspegitik aztertuko dituzte kasuak. Gero, Garazi Arraibi eta Maitane Urizarrek profesional publikoen arteko hausnarketa eta prestakuntzaren inguruan arituko dira. Azkenik, Koldo Goitia Lea-Artibai Amankomunazgoko Lehendakariak galdera eta erantzunen txanda zabalduko du eta jardunaldiari amaiera eman.