Udabarriko bidaia Errioxara egingo du Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak
Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago maiatzaren 25era arte, elkarteko egoitzan
Beti Jai jubilatuen elkarteak Errioxara egingo du udabarriko bidaia, Vianako Eralta Upeltegira eta Logroñora, hain zuzen ere. Ekainaren 15ean jarri dute eguna, baina aurretik izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko. Epea dagoeneko zabalik dago eta maiatzaren 25a izango da azken eguna, horretarako jubilatuen elkarteak Abesua kaleko 12an duten egoitzara hurbildu beharko dira interesa dutenak 16:00etatik 18:00etara.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gehienez 55 pertsona izena eman dezakete eta bazkideek lehentasuna izango dute izena ematerakoan. Hala ere, irteera zabala da, bazkideek 40 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez direnak 50 euro. Beti Jaiko bazkideen kuota 10 eurokoa da bakarrik, beraz, “atera kontuak bazkide izatea merezi duen ala ez”, esan dute.
Ekainaren 15ean 08:00etan irtengo da autobusa geltokitik eta egun osoa emango dute etxetik kanpo, egitarau oparoa antolatu baitute. Lehenengo geldialdia Viana herrian egingo dute, bertako kaleetatik bisita gidatua jasoko dute eta ondoren, Eralta Upeltegira joango dira, bertan egiten duten lana ikusteko. Bazkaria, berriz, Logroñon egingo dute, Cafe Moderno jatetxean, hain zuzen ere. Bazkaldu ostean, Errioxako hiriburuko kaleetan barrena galtzeko denbora librea izango dute etxera itzuli aurretik.
Elkartuta. Markina-Xemein, Berriatua, Ziortza-Bolibar eta Etxebarriko jubilatuek bat egingo dute maiatzaren 28an ibilaldi bat egiteko. Berriatuko Anaitasuna jubilatuen elkarteak antolatu du ekimena beste hiru herrietako elkarteekin elkarlanean. Zapatu horretan 10:30erako jarri dute hitzordua Berriatuko herriko plazan jubilatuek eta bi ibilaldi prestatu dituzte, bi kilometroko laburra eta lau kilometroko luzea, biak ala biak herri inguruan. Antolatzaileek esan dutenez, ibilaldi amaitzean jan-edana banatuko dute.