XX. Iparraldeko Haizeak Lekeitioko kaleak hartuko ditu
Asteburu osorako egitarau oparoa antolatu du Aittitta Txiki kultur elkarteak.
Azken egunotako haizea hegoaldeko beroa bada ere, Iparraldeko Haizeak izango da asteburuan Lekeitioko kaleak hartuko dituenak. Hiru urteko geldialdiaren ostean Aittitta Txiki kultur elkarteak indartsu itzuli da eta aurten ez du hutsik egin ohiko egitarauagaz, barikuko [maiatzak 20] bertso saiotik, zapatuko [maiatzak 21] gisatu txapelketara eta domekako [maiatzak 22] Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuen azoka.
2019an antolatu zen azken aldiz Iparraldeko haizeak, 2020an eta 2021ean Covid-19aren pandemiarengatik bertan behera utzi behar izan zuten ekimena antolatzaileek. “Oso gogotsu” daude berriro Lekeitioko kaleak jendez beteta ikusteko, gainera badirudi eguraldia lagun izango dutela asteburu osoan.
Egitarau oparoari hasiera emateko bertso saioa antolatu dute 20:15ean, 2019ko azken aldian bezala, Abaroa parkean. Sarrerak dagoeneko salgai daude kultur etxean eta Galarrenan bost euroren truke. Sustrai Colina, Oihana Bartra, Amets Arzallus, Aissa Intxausti eta Xabat Galletebeitia izango dira oholtza gainean eta gai jartzaile lanetan arituko da Jon Akarregi.
Egunik indartsuena, berriz, zapatua izango da beste behin eta plater nagusia izango da zalantzarik gabe gisatu txapelketa. Izena emateko epea oraindik zabalik dago, parte hartzeko derrigorrezkoa baita, Lekeitioko kultur etxean. Dagoeneko 18 taldek izena eman dute, horrenbestez giroa ziurtatuta egongo da goizean goizetik. Taberna eta kuadrillek 10:00etan dute jarrita hitzordua eskolapean eta tabernen inguruan. 13:30erako gisatu denak prest egon beharko dira Eskolapean aukeztu beharko dituztelako izena ematen dutenek epaileek dastatu ahal izateko. 15:00etan denak dastatu ahal izatea espero dute antolatzaileek eta horrenbestez, jateko ordua izango da. Irabazleen izenak ez dituzte 18:00etako sari banaketara arte emango.
Hala ere, egun osoan beste hainbat ekimen antolatu ditu Aittitta Txiki kultur elkarteak. Kalerik kale ibiliko da, esate baterako, Aittitta Makurra txaranga. 11:30etik aurrera era berean arituko da, herriko kaleetan zehar, Baigorriko gaiteroak. 12:00etan ekingo dio Itxaropena txistu taldeak bere txistu kalejirari. 12:30ean mahai-jokoa egongo da, bote luzearen ordezkoa baina oso antzekoa jokamoldean, beste pilota modalitate bat. Aurten ohiko den moduan domekan jokatu beharrean zapatuan jokatuko dira. 13:00etan joaldunek hartuko dituzte kaleak. Arratsaldean, 18:30 Baigorriko Arrola dantza taldeak kalejira osatuko du eta ordu erdi beranduago Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeagaz batera emanaldia emango dute plazan. Eguna amaitzeko, 22:00etan, Iparraldeko Polekeleke taldeak elektrotxaranga osatuko du.
Domekarako utzi dute 11:00etatik 14:30era Aittitta Txiki kultur elkartekoek Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuen azoka herriko plazan. Antolatzaileek aurreratu dute “denetariko” produktuak egongo direla salgai eta 30 bat postu egongo direla guztira.