Jokin Arbe eta Ion Ibarluzea puntista markina-xemeindarrak, Mexikoko Jai Alai txapelketan
Aurrelariak zein atzelariak multzokako lehen fasea amaitzear daude
Bi urteko etenaldiaren ostean zesta-punta Mexikoko frontoira itzuli da Betway Jai Alai 2022 txapelketagaz. Antolatzaileek puntista ezberdinak elkartu nahi izan dituzte, Euskal Herrikoak eta Mexikoak, gazteak eta beteranoak, eta koadro erakargarria osatzea lortu dute. “Helburua da esperientzia berriro ere berenaganatzea eta beste txapelketa handiago batzuentzako, maila altuagoko pilotarientzako, lehen urratsa izatea”, adierazi dute. Bertan daude bi markina-xemeindar, Jokin Arbe eta Ion Ibarluzea, hain zuzen ere.
Bi multzo osatu dituzte. A multzoan Jon Tanborindegi Donibane Lohitzuneko All Starreko irabazlea eta Pepe Perez, Christophe Olha eta Guillen Oienard, Jokin Arbe eta Theo Laborde eta Daniel Inclan eta Jerome Portet. B multzoan daude Ludovic Ladutxe eta Ion Ibarluzea, Jon Zulaika eta Frank Elizalde, Iturbide eta Balio nafarrak eta Aaron Gonzalez eta Xabier Inza.
Aurrelariak atzo [maiatzak 19] jokatu zuen lehen partidan Theo Laborde gazteagaz Daniel Inclan eta Jerome Portet. Nagusitasunez gainditu zituzten markina-xemeindarrak eta atzelari gazteak 30-14ko emaitzagaz. Hasieratik jaun eta jabe izan ziren Arbe eta Laborde eta aurrelariak aurreko koadroetan beti bezain fidagarri agertu zen. Zapatuko [maiatzak 21] Bigarren jardunaldian, berriz, neurketa asko berdinduagoa jokatu zuen markina-xemeindarrak. Aurreko koadroetan Donibane Lohitzuneko All Starrean Aritz Erkiaga eta Aimar Aldazabal mendean hartu zituen Tanbo izan zuen aurrean. Lehia ezin berdinduagoa izan zen, azken tantoan erabaki zen, Arbe eta Laborden aurka, 29-30. Asteleheneko [maiatzak 23] azken jardunaldian Olha eta Oienarderi 30-25 irabazi zieten.
Ibarluzeak barikuan [maiatzak 20] debutatu zuen Ludovic Ladutxegaz batera. Estatu Batuetako Daniako aurrelari onenetako bat izan zuen aurrean, Jon Zulaika donostiarra, eta Elizalde bere bikote ohia, hau da, txapelketa irabazteko bikote hautagai nagusietako bat. Galtzekorik gabe irten ziren Ibarluzea eta Ladutxe eta Zulaika eta batez ere Elizalde ezkerreko hankan izandako lesioaren ostean nagusitasunez gainditu zituzten faboritoak, 30-20. Domekako [maiatzak 22] bigarren jardunaldian lan gehiago egin behar izan zuten Aaron eta Inza gainditzeko. Partida berdindua izan zen, baina azkenean atzelari markina-xemeindarrak garaipena erdietsi zuen Ladutxe bikoteagaz batera: 30-26.
Finalak eguaztenean [maiatzak 25] jokatuko dira, irabazleek 8.000 dolar poltsikoratuko dituzte eta bigarrenek 6.000 dolar.