Alaitasuna zabalduz eskertu du Kantaize Abesbatzak Zilarrezko Antxoa
Abesbatzeko kideek "ezustean" eta pozarren hartu dute aitortza, eta Jabier Urrutxak maitasun beteko hitzak izan ditu saria jasotzean: "Danoi eskerrik asko, eta zuei, maite zaituztet danok". Artibai Udal Egoitzakoek herri guztiaren eskertza eta 2020ko Zilarrezko Antxoa jaso dute Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatearen eskutik.
Kantaize Abesbatzekoek oholtza gainean zeudela jakin dute beraiek zirela aurtengo Zilarrezko Antxoa jasoko zutenak. Artibai Udal Egoitzako beharginei eskainitako abestiak kantatzera igo dira oholtzara, eta aurtengo saridunen izena entzutean, ezin izan dute poza ezkutatu. Jabier Urrutxak Aritza Aristondo Natxiondo Kultur zinegotziaren eskutik jaso du oroigarria, eta maitekiro zuzendu zaie herritarrei:Â “Danoi eskerrik asko, eta zuei, maite zaituztet danok”.
25 urteko ibilibidea saritu nahi izan dio gaur [maiatzak 21] Ondarroako Udalak Kantaizeri, urte horietan guztietan kultura, kantuzaletasuna eta alaitasuna herriko txoko guztietara zabaltzea. Peli Markuerkiagak asteon bete ditu 20 urte abesbatza zuzentzen. Berak bai, berak bazekien saria jasoko zutela, eta aitortu du asko kostatu zaiola inori ez kontatzea. “Gaitza izan da sekretua gordetzea, baina gorde dugu. Uste barikoa izan da, eta seguru, emozioz betetakoa“.
Aurretik, Artibai Egoitzakoek hartu dute 2020an hartu ezin izan zuten Zilarrezko Antxoa, “pandemian erakutsi duten zaintza arduragatik eta profesionaltasunagatik”. Txalo artean igo dira oholtzara egoitzako langileak; irribarrea ezin zuten ezkutatu, eta pozik hartu dute hain merezitako aitortza, herri guztiak eman nahi izan diena. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatearen eskutik jaso du oroigarria Eneritz Artaetxebarria egoitzako zuzendariak: “Eskerrik asko danoi egoitzako danon partez. Oraindik hor dago covida, baina bere momentuan egoera gogorra izan zen, eta herriaren babesa bihotz-bihotzez eskertzen dugu”.
Hiru turrunekin batera hasi da jaiegun handia. Antxoa arrainik preziatuenetakoa da, itsasotik lehorrera datorren gutizia, eta haren bueltan batzeko aukerarik ez dute galdu nahi izan ez ondarrutarrek ez kanpotik etorri direnek. Eguerdian, herriko frontoian umeak sukaldaritza tailerrean zebiltzan bitartean, Nasa kalea eta Zubi Zahar ingurua txiki geratu dira. Pandemia aurreko imajinak errepikatu dira, guztien zorionerako.
Elkarlana oinarri. Herriko elkarte gastronomikoek lan ikusgarria egin dute beste behin. 400 kilo antxoagaz, 2.100 pintxo inguru prestatu dituzte; horien artean tamaina ederreko 1.000 kroketa. Andoni Egia, Ibon Ormaetxea eta Jesus Mari Gallastegi ibili dira kroketak frijitzen. “Datorren urtean 2.000 egingo ditugu, txikixeagoak, aurten handiak izan dira eta” , zioen Ormaetxeak olgeta-benetan, barrezka. Ohikoa denez, jendetza ibili da pintxoak eta edateko zer edo zer hartzen Nasan eta Alde Zaharrean jarritako postuetan. 13:00ak aldera arte nahikoa lasai ibili dira zerbitzatzen aritu diren herriko talde eta elkarteak. “Ordutik aurrera, jende asko etorri zaigu”. Herritarrak gogotsu zeuden halako jai batez gozatzeko, eta gozatu dute.