Nahia Quincoces: "Herri txikiak gara, baina duinak ere bai, eta medikua edukitzea merezi dugu".
Txupina bota aurretik, omenaldia egin diote udaletxean Quincocesi, mendexarren eta leatar guztien izenean. Giro ederra lagun, elkarlanean osatutako ekimenekin ondo baino hobeto pasatu dute Mendexan bildu¡takoek.
Ospakizuna eta aldarrikapena eskutik joan dira gaur [maiatzak 21, zapatua] Leatarren Egunean. Urtebetetik gora daroe Mendexako eta Amorotoko herritarrek erreferentziazko mediku barik, urtebete baino gehiago zerbitzua berriro martxan jartzeko eskatzen eta Osakidetzaren erantzunik barik. Horregatik, elkarretaratzea egin dute txupina bota aurreko minutuetan eta txupina botatzean ere eskaera berretsi du Nahia Quincocesek: “Ospakizuna da gaur garrantzitsuena, baina aldarrikapen bat ere egin behar dugu. Bai Mendexa eta bai Amoroto urtebetetik gora daude mediku barik, kontsulta bi dauzkagu zarratuta mediku barik. Egin dira pila bat manifestazio, elkarretaratze, sinadura bilketa, kotxe karabanak… eta pila bat gauza, baina kasurik ez digute egin. Borrokagaz jarraituko dugu, herri txikiak gara, baina duinak ere bai, eta medikua edukitzea merezi dugu”. Ondo pasatzeko desioagaz amaitu du pregoia, txupina bota aurretik. “Gora Lea eta Gora Mendexa”. Txalo artean agurtu dute.
Omenaldi bat egin nahi izan diote udaletxean herriko kirolaririk handienari: aurreskua dantzatu eta eguzkilore bat eta lore sorta bat eman dizkiote mendexarren izenean, Mendexaren izena mundu osora zabaltzeagatik, goi-goian jartzeagatik. Leatarren izenean, Leatarren Eguneko zapi bat jarri diote lepoan. Hunkituta agertu da mendi eskiatzailea jasotako aitortzagaz; esker oneko.
Plaza bete dantza. Dantzariek hartu dute plaza ondoren. Nagusi, gazte eta ume, guztiek elkarregaz eskaini dute euskal dantzen emanaldia. Eta, ondoren, frontoian bildu dira, herri bazkarian. Martitzenean itxi behar izan zuten izen ematea, guztia ondo antolatu ahal izateko, eta, hortaz, ordura arte izena emanda zeuden 284 lagunak elkartu dira mahaiaren bueltan. Asko zeukaten ospatzeko, eta giro ezin hobean egin ere egin dute.
Mendexarrentzat hitzordu oso berezia izan da, lehen jaia bertan egin zelako batetik, eta 2001ean egin zutelako azkenengoz, bestetik. Horren erakusle izan da plazan jarri duten argazki erakusketa. Mendexan egin zen azken Leatarren Eguneko argazkiak ikusi zitezkeen bertan, bailarako beste lau udalerrietakoekin batera: “Hemengo mutiko honek 23 urte ditu orain”, zioen Marilu Guenaga herriko antolatzaileetako batek.
Gomazko pala eta esku pilota ikusteko lepo bete da frontoia goizean. Lea Ibarreko San Pedro jaietako finalak zeuden jokoan, iaz ezin izan zituzten-eta jokatu covidagatik. Mutil alebinen finalean Aner eta Ekain atera dira gorriz eta Janitz eta Estebe urdinez, azken horiek lortu dute garaipena 13-22koagaz. Gomazko pala finala Olatz eta Enarak irabazi diete Naroa eta Janireri 22-14. Emakumeen pilota finala estuagoa izan da. Amaia-Aldai eta Enara Gamindek eta Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirrek partidu orekatua bezain gogorra jokatu dute: 16-22koagaz amaitu da. Zugadi-Bernaola eta Agirreamalloa-Muruagaren arteko gizonezkoen esku pilota finala ere orekatu hasi da, eta horrela joan da 10-7kora arte. Muruagak, baina, eskuan min hartu du, eta gorriek 22-11ko garaipena eskuratu dute. Arratsaldean, galdera eta briska jokoak, umeentzako ginkana, aurpegia margotzeko txokoa egon dira aukeran… Ezelako osagairik ez du falta izan oinarrian elkarlana duen jaiegun handiak.
Balorazio ezin hobea. Antolatzaileek ezin izan dute balorazio hoberik egin: “Giro ederra izan genuen egun osoan, eguraldia, gainera, bikaina izan da, eguzkitsua. Herritarrengandik hitz onak bakarrik jaso ditugu, baina guk haiei eman nahi dizkiegu eskerrak Leatarren Egunean parte hartzeagatik”, adierazi dute.