Kitto merkatari elkarteak lehen aldiz internet bidezko Lekitto bonu salmenta jarri du martxan
Salmenta gaur [maiatzak 23] abiatu da eta datorren astelehenean amaituko da. Erabiltzeko azken eguna, berriz, ekainaren 27a da.
Seigarren urtez antolatu du Lekeitioko Kitto merkatari elkarteak udalagaz batera Lekitto bonuak kanpaina. Maiatzaren 18an 65 urtetik gorakoentzako salmenta fisikorako eguna zehaztu zuten eta 84 bono saldu zituzten. “Hurrengo urteetarako egun bat baino gehiago zabaldu nahi dugu bono fisikoetarako epea, egun bakar bat agian gutxiegi delako, ez du beste aukerarik ematen”, azaldu dute. Orain, lehen aldiz internet bidezko bonoen erosketarako txanda da. Gaur [maiatzak 23] hasi da salmenta https://lekittobonoak.dendago.com webgunean eta datorren astelehenera arte [maiatzak 30] luzatuko da. Behin erosketa eginda, bonuak erabiltzeko azken eguna ekainaren 27a izango da.
Prezioari dagokionez, bi motatakoak daude salmentak, batetik, 10 eurokoak, eta bestetik, 20 eurokoak. 4.000 bono daude eskuragarri, 10 euroko 3.200 eta 20 euroko 800, eta guztira mota desberdinetako 41 dendek parte hartu dute, Kitto elkartekoak 31 izanik. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bonoak erosterakoan edo aplikazio informatikoagaz inolako arazorik izan ez gero, harremanetan jartzeko bi bide zabaldu dituzte, 626 66 09 20 telefono zenbakia eta kittoelkartea@gmail.com posta elektronikoa. Era berean, pertsona bakoitzak gehienez 20 euroko bi bonu eta 10 euroko lau bonu erosi ahalko ditu.
Bonuek zenbait ezaugarri edo baldintza dituzte. Dena bakoitzean behin bakarrik erabili daiteke bonoa eta erosketaren zenbatekoa bonoarena baino txikiagoa bada, ez da inolako diru-aldaketarik itzuliko. Era berean, bonuak ezin dira eskudiruagaz trukatu. Lekitto bonuak ekainaren 27a baino lehen erabiltzen ez badira, ez dute itzuliko ordaindutako zenbatekoa.
Helburuak. Kitto merkatari elkartekoek aurten bonoen salmenta are gehiago zabaldu nahi izan dute. Alde batetik, gazteengana hurbildu nahi izan dira, betiere 16 urtetik gorakoengana, eta adin multzo honetarako eskaintzak luzatu dituzte Lekeitioko hainbat dendetan. Gazteek ere tokiko merkatariengan arreta jartzea nahi dute. Horrez gain, lekeitiarrez gain, Lea-Artibai eskualdeko beste herrietako bizilagunak erakarri nahi dituzte herrira bonoen bidez.
Helburu nagusia mantentzen dute, hau da, “herritarrak Lekeition bertan finkatzea”. Antolatzaileen arabera, herrian kontsumitzeak abantaila asko ditu: “Herrian enplegua sortzen da, herriko kaleei bizitasun berezi bat ematen die, herritarren arteko lotura pertsonalak eta harremanak sendotzen ditu, herrian gastatuz gero zergak herrian bertan geratzen dira, harrera gertukoa eta beroa da, konfiantzazkoa azken batean, eta batez ere herriko produktugileen eta produktuen aldeko apustua egiten da”.