Miren Agur Meabe Lekeitioko ohorezko herritar eta alaba kutun izendatu du udalak
Izendapen hau lortzen duen lehen emakumea da idazlea, hirugarrena oro har.
Miren Agur Meaberentzat azken hilabeteak ezin onuragarriagoak izan dira. Lehendabizi, Espainiar Estatuko poesia sari nazionala irabazi zuen, hau da, poesiagintzako saririk nagusiena, ‘Nola gorde errautsak kolkoan’ liburuagaz. Ondoren, otsailaren 25ean, bere ibilbide guztiagatik Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen. Xabier Kintanak utzitako lekua hartuko du, oraindik bost hilabete ditu sarrera hitzaldia prestatzeko eta gero, harrera ekitaldia egingo diote. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek Bilbon egin zen Osoko bilkuran, Miren Agur Meabe, hain zuzen ere, eta bilkuran idazle bizkaitarraren aldeko hautua egin zuten.
Orain, berriz, herriko izendapenik handiena jasoko du idazleak. Lekeitioko Udalak herriko ohorezko herritar eta alaba kutun izendatu du. “Urteetan zehar Lekeitioren izena zabaltzen laguntzeagatik eta azken hilabeteotan izandako lorpenak aitortzeko asmoz”, adierazi dute. Jakinarazi dutenez, izendapen ekitaldia ekainaren amaieran egingo zaio Miren Agur Meaberi, San Pedroetan.
Lekeitioko Udalak izendapen hau ematen duen hirugarren aldia da, emakume bateri ematen zaion lehendabizikoa. Aurretik Jose Miguel Barandiaran (1989) antropologo, etnografo eta apaizak eta Victor San Miguel (1990) Kuwaiteko apezpiku lekeitiarrak jaso zuten izendapen hau.