Udan Karraspio hondartzara joateko autobusa antolatu dute Etxebarritik eta Markina-Xemeindik
Etxebarriko eta Markina-Xemeingo Udalek bat egin dute lehen aldiz uztaila eta abuzturako zerbitzuan
Jaiekin batera Gababusa itzuli zen bezala, udagaz hondartzara joateko autobusa itzuliko da. Aurten, lehen aldiz, Etxebarriko Udalak eta Markina-Xemeingo Udalak autobus zerbitzu bateratua eskainiko dizkiete herritarrei. Uztailean eta abuztuan zortzi bidaia egingo ditu autobusak hilero, zortzi hilabete bakoitzean.
Interesa dutenek hileko bonoa erosi beharko dute udaletxeetan 32 euroren truke. Bonoak erosteko epea dagoeneko zabalik dago eta ekainaren 17ra arte luzatuko da. Jakinarazi dutenez, bakarrik erroldatuentzako zerbitzua da eta jesarleku mugatuak izango ditu. Era berean, zerbitzua eskaini ahal izateko, gutxieneko pertsona kopuru batek eman beharko dute izena.
Antolatzaileek aurretiaz adieraziko dituzte irteera zortzi egunak. Egun horietako baten irteera eguraldi txarragatik bertan behera geratu ez gero, egin gabeko bidaien dirua itzuliko dute. Autobusa 15:30etan irtengo da Etxebarritik eta geldialdi bakarra egingo du Markina-Xemeingo autobus geltokian Karraspio hondartzarako bidea hartu aurretik. Gero,19:30etan itzuliko da autobusa. Antolatzaileek argitu dutenez, bonoa erosten dutenek ez dituzte joan-etorriak guztiz osatu beharko, hau da, pertsona bat bere kabuz joan daiteke eta autobusez itzuli.
Batera. Lehen aldia da Markina-Xemeingo Udala Etxebarriko autobus zerbitzura elkartzen dena, “azken urteetan behin baino gehiagotan hitz egin dugu elkarlanean antolatzeko aukeraren inguruan, baina Covid-19aren pandemia dela eta aurten arte ezin izan dugu egi bihurtu”, zehaztu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. “Markina-xemeindarren aldetik eskaria eta interesa zegoen eta alde ekonomikotik ere bideragarriagoa izango da autobus zerbitzua”, adierazi du.