Kirola eta umeak protagonista, Kamiñazpiko jaietan
Gaur [ekainak 4] goizean pala txapelketa jokatu da eta umeek tailerrak izan dituzte plazan.
Kamiñazpiko jaiak inoiz baino indartsuago itzuli dira, atzo [ekainak 3] hasi baziren ere, ondarrutarrek goizetik irten dira kalera egitarauaz gozatzera. Goizean bi protagonista nagusi egon dira.
Alde batetik, kirola. Pala txapelketa jokatu da eta asko izan dira frontoira arte hurbildu direnak, jokatu ez arren ere, ikustera eta gozatzera ere hurbildu dira asko. Hamasei bikotek eman dute izena eta ikuskizuna eta emozioa ez da falta izan.
Beste alde batetik, umeen txanda izan da. Jai batzordeak askotariko tailerrak eta ekintzak antolatu ditu herriko txikienentzako. Herri kirolak nagusi izan dira, txingekin, lokotz bilketagaz, sokatiragaz edota xerragaz. Adin guztietako umeek parte hartu dute. Aurrera txirrindularitxa elkarteak bizikleta gainean egiteko zirkuitu bat antolatu du, besteak beste, baloia hankagaz jota gol bat sartu behar zuten ate txiki batean, uztai bat kokatu edo langa baten azpitik pasa. Karpa azpian asko izan dira aurpegia marraztu duten umeak, denetarik egin dute, spiderman, animalia desberdinak eta beste asko ere.
13:00ak baino lehen antolatutako dena kendu eta paellentzako egin dute tokia. Jendea gogotsu, eta gosez, zegoen paella jateko. Aurten 26 taldek eman dute izena, hau da, 400 pertsona baino gehiagok. 15:00etan bazkalduko dute eta gero Kamiñazpiko jaiek jarraitu egingo dute.
17:00etan zaldi eta zezen txikiak egongo dira frontoian eta umeentzako ekimenek ez dute etenik izango zinemagaz eta puzgarriekin. 19:00etan hasiko da Joselu anaien kontzertua, 22:00etan Brauliok hartuko dio testigua eta bigarren emanaldia eskainiko dute gauerditik 02:00etara Joselu Anaiek DJ Juseffegaz eguna eta gaua amaitu arte.
Playback lehiaketa, arrakastatsua. Playback lehiaketan urtero bezala hiru sari banatu zituzten. Karakterizazio onenaren saria Tximistak taldeak eskuratu zuen, Goazeneko Gure nahia abestiagaz kolorez jantzi baitzuten agertokia. 50 euroko saria eta 40 euroko bonua jaso zituzten. Koreografia onenaren saria Salau Demasak taldeak irabazi zuen, En Tol Sarmiento taldearen Aukera berriak abestiagaz egindako erakustaldiagatik. 80 euroko saria eskuratu zuten eta 40 euroko bonua. Azkenik, playback onenaren saria, Martxosak taldearentzat izan zen, Team Beachen Cruising ‘for a Bruising’ abestiagaz karpa osoa aho zabalik utzi ostean. 80 euroko saria jaso zuten eta 40 euroko bonua.