Nagusiek hartu dute Lekeitio
Gaur [ekainak 4] ospatzen ari da herriko kaleetan Bizkaiko Nagusien eguna jai giroan
Nagusien eguna da eta haiek hartu dute gaur [ekainak 4] Lekeitio. Nonahi daude. Herriko kaleak berde koloreko zapiz bete dute jai giroan. 10:30ean hasi dira Bizkaia osoko herri desberdinetako autobusak Lekeitiora heltzen. Zain izan dituzte ordurako herriko erraldoiak eta txistulariak, haiekin osatu dute plazara arteko bidea.
Herriko plaza zapi berdez bete dute eta arduradunek hartu dute hitza. Lehendabizikoa Koldo Goitia alkatea izan da, ongi etorria osatu du eta nagusiei Lekeitioz gozatzera animatu ditu: “2020an ospatu behar genuena gaur ospatuko dugu, ohore bat da Bizkaiko Nagusiak elkarteak gure herria aukeratu izana haien jairik handiena hartzeko”. Era berean, pandemian galdutakoak izan ditu gogoan Goitiak.
Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuak batzeko aukeraren inguruan hitz egin du: “Momentu oso gogorrak pasa ditugu pandemian, gizarteko nagusienek batez ere, baina orain gozatzeko unea dugu. Laguntasunaren bitartez izango gara hobeak eta lde horretatik eskerrak eman Lekeitioko Udalari eta eragileei horrelako egun bateko antolakuntzarengatik”. Bizkaiko Foru Aldundia aspalditik dabil Nagusiak Elkarteagaz lanean eta bide horretaik jarraitu nahi dute, “elkarlanean oinarritu behar dugu gure lana, politika hobeak sortzeko guztion parte hartzea ezinbestekoa da”.
Nagusiak Elkarteko presidente ohiaren azken agerraldi publikoan Lekeitio goraipatu nahi izan du, “bosgarren Nagusien eguna da eta ez dut inoiz horrelakorik bizi, gaur inoiz baino gehiago gozatzeko eguna da, bizitzako bi urte lapurtu dizkigute eta horrek ezin dira berreskuratu”. Azkenik, Jose Ramon Landaluze presidenteak eta Maite Zabala presidenteordeak eta Lea-Artibaiko delegatuak eskerrak eman nahi izan dituzte eta “gora nagusiak, gora Lekeitio” esaldiagaz amaitu dute.
Berriatuko koruak hartu du testigua eta jai giroan murgildu dira denborarik galdu gabe nagusiak dantza eginez eta kantatzen. Horrela, asko izan dira koruaren atzetik herriko kaleetan barrena sartu direnak. Beste batzuk, bisita gidatuen aukera hartu dute eta Andra mariaren zeruratzearen basilikan jende asko batu da minutu gutxitan.
15:00etan udalak jarritako elkartuko dira bazkaltzeko 800 lagun. Beste asko herriko jatetxeetan jango dute, guztira 1.000 nagusi baino gehiago elkartu dira Lekeition. 17:00etan kontzertua izango dute eta 19:00etan hartuko dute itzulerako autobusa.