Borroka emateko prest
Isuntzak eta Ondarroak bihar [uztailak 2] emango diote hasiera Eusko Label Ligari, Bilboko Banderan. Helburu desberdinak dituzte bi traineruek: bakoitzak txanda batean egon nahi du.
Bihar [uztailak 2] hasiko da Bilbon Euskal Label Liga, eta bertan egongo dira Isuntza Arraun Elkartea eta Ondarroa Arraun Elkartea. Bakoitzak bere helburuak ditu, baina hirurek lehiakorrak izan nahi dute gorengo mailan.
Denboraldiaurrean ezkutuan egindako lan guztiaren ostean, biharko eguna noiz iritsiko zain daude. Ondarroako Iñaki Errasti eta Lekeitioko Osertz Aldai entrenatzaileak «pozik» eta «ilusio handiagaz» agertu dira orain arteko lanagaz. «Lehen asteetan emaitza onak lortzea garrantzitsua izango da, behintzat, zorte txarrik ez edukitzea, gure lana aurrera eraman ahal izatea eta atzeko postuetatik apur bat aldendu», aurreratu du Errastik.
Antiguako Ama-k denboraldiko lehen helburu nagusia lortu zuen Bizkaiko Txapelketan: Euskadikorako sailkapena lortzea. «Lekeition egindako lanagaz nahikoa ondo geratu ginen, ilusio handia daukagu gure mailarik onena emateko», esan du Errastik.
Isuntzak aldaketa asko eduki ditu, «normalean baino gehiago», eta harrobitik tira egin behar izan dute. Alde horretatik, Errasti harro agertu da «blokea mantendu» izanaz. Eusko Label ligako lehen bandera irabazi zuen taldea eta oraingoa oso antzekoak dira, eta horrek «oreka» gehitzen dio eta ontziari.

Argazkia: Lekeitioko Udala
Aurtengo lehenengo bandera ez da edozein izango, Bilboko XIII. Bandera jarriko da jokoan bihar, 18:00etatik aurrera, erlojuaren aurka jokatzen den txapelketako bakarra. Oso berezia da, konparaketak egiteko lehen aukeran ezingo dituztelako uretan egin. Denak kale beretik joango dira, eta antzeko baldintzak edukiko dituzte. «Tentsio eta urduritasun handiko estropada izango da», aurreratu du Aldaik. Domeka eguerdian, berriz, Donostiako XIV. Bandera egongo da jokoan.
Ondo hastearen garrantzia nabarmendu dute bi prestatzaileek, konfiantza puntu hori hartzeko batez ere, baina puntu guztiak «garrantzitsuak» direla azpimarratu dute biek. «Orokorrean liga oso erakargarria da, ez bakarrik goialdean baita sailkapen erdian eta behean ere. Txanda denetan egongo da asko jokoan, eta hori ikusleak asko eskertzen du».
Helburu desberdinak. Bigarren txandan egonkortzea da Ondarroaren helburu nagusia. «Badakigu iazko emaitzak lortzea oso zaila izango dela, baina gure indarra erakutsi nahi dugu estropada denetan», adierazi du Errastik. Zierbenako banderaren lorpenagaz goia jo zuten iaz, oraindik ez dute ahaztu. «Iaz denboraldi hasieran esan nien mutilei aurreko bi urteetan zenbait bigarren postu eskuratu genituela eta aurten gure maila hobetuz gero, borrokatuko dugula», gehitu du. Ondarroaren prestatzaileak badaki zein den emaitzak lortzeko sekretua: «Gozatu egin nahi dugu, hori da gure gakoa, gozatzen badugu emaitza onak edukiko ditugu».
Mailari eutsi nahi dio hala edo nola Lekittarra-k, iazko 73 puntuek eman zioten lasaitasun sentipen horiek errepikatu. Aldaik badaki gaitza izango dela. «Taldeari ateratzen diogun etekinagaz ikusi beharko dugu ea nahikoa den ala ez, ligako aurkariekin alderatuta». Aurkariez hitz eginda, ez du ezusteko askorik espero: «Talde igoberriak, normala denez, borrokan egon ohi dira. Berritasuna, beharbada, Santurtziren helburu aldaketa izan daiteke, txapeldun izatetik maila mantentzera pasako baita». Isuntzakoak bizkor laburbildu du helburua: «Atzetik traineru bat uztea, nahiz eta playoff-ak jokatu».