Ezin hobeto probestu dituzte amorotarrek San Martin Jaiak
Hamaika kuadrillek parte hartu dute gaur [uztailak 2] paella txapelketan.
Eguna ondo baino hobeto baliatu dute amorotarrek. San Martin jaiek aurrera doaz eta atzoko [uztailak 1] kontzertuen ostean, gaur asko eta askotariko ekimenak antolatu dituzte. Herritarrentzako ekintzarik garrantzitsuenetariko bat paella txapelketa da. “Ez dago saririk, baina hemen askoz gehiago dago jokoan, bakoitzaren harrotasuna”, esan du parte hartzaileetako batek barre artean. Ez da gutxiagorako ere.
Goizetik hasi dira lanean parte hartzaileak, guztira hamaika izan dira. 14:30erako paella prest egon behar zen, horrenbestez, hobe lana aurreratu gero presaka aritu baino azken orduan. Eguraldiak gainera asko lagundu du eta eguzkitik hobeto babesteko herriko plaza estali egin dute gerizpea sortzeko, asko eskertu dute denek. Ezarritako ordurako paella denak prest zituzten eta epaimahaiaren txanda zen. Zalantza asko izan badituzte ere, azkenean erabaki bat hartu dute. Gu Geu izan da irabazlea, Gu ta gutarrak bigarren eta Naparrak hirugarren. Irabazleak azkenean denak izan dira eta horrela elkartu dira 250 lagun herriko plazan denak batera jateko.
Oraindik egun luzea dute aurretik amorototarrek. 18:30ean, esku pilota partidua izango da frontoian. Jai batzordekoek “eskualdeko pilotarien aldeko hautua” egin dute. Mikel Goñi eta Madari Urionaren eta Ibarzolaren aurka ariko dira. Frontoitik kalera egingo dute amorototarrek eta hurreratzen direnek, bertso triki poteoa egongo baita. Egitasmo horretan ere tokiko bertsolariei plaza eskainiko diete: Garazi Navarro Amorotoko herritarra, Toko lekeitiarra eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra. Herriko plaza kontzertu eta ospakizunez jantziko da, 23:00etan, Azken Sustraiak taldeagaz eta Urrats erromeriagaz.
Bikaina. Bikaina izan zen Amorotoko alkatearen ustez atzoko [uztailak 1] giroa, Amoroton. Frontoia ia bete egin zen Saia Goait, McOnak eta Brigade Loco taldeen kontzertuak ikusteko eta herriko plazako txosnagunean ere asko izan ziren elkartu zirenak. Hala ere, alkatearen ustez, garrantzitsuena “dena normal eta ondo” joan zela izan zen.