Berriatuko eta Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteek 2. Lea-Artibai Txallengea antolatu dute
Emakumeen Euskaldun Torneorako lasterketa puntuagarriak dira, gaztetxoetan, gazteetan, 23 urte azpikoetan eta nagusien mailan.
Asteburuan txirrindulariz beteko da Lea-Artibai eskualdea. Zapatuan [uztailak 9] eta domekan [uztailak 10] lehiatuko da 2. Lea-Artibai Txallengea, lehen egunean Berrituan eta bigarrenean Markina-Xemeinen. Bi herrietako txirrindulari elkarteek udalekin batera antolatu dute berriro emakumeen Euskaldun Torneorako puntuagarriak diren lasterketak. Maila denetako parte hartzaileek hartuko dituzte eskualdeko errepideak: Gaztetxoek, gazteek, 23 urte azpikoek eta nagusiek.
Zapatuan [uztailak 9] emakumeen V. Berriatua saria lehiatuko da. Bi ibilbide antolatu ditu txirrindulari elkarteak, gaztetxoentzako 42,2 kilometrokoa eta gazteentzat, 23 urte azpikoentzat eta nagusientzat 75,7 kilometrokoa. Gazteenak 14:45ean aterako dira Berriatuko erdigunetik Ondarroara bidean eta Lekeitiorarte helduko dira Amorototik pasa ostean berriro Ondarroatik Berriatura itzultzeko. Tontor bakarra igaro beharko dute txirrindulariek, hirugarren mailako Merelludiko ganea, hain zuzen ere.
Gainontzekoak 16:30ean dute jarrita irteera ordua. Nagusiek antzeko ibilbidea izango badute ere, hau gogorragoa eta luzeagoa izango da. Hasteko, hiru mendate igaro beharko dituzte, baina bi bakarrik izango dira puntuagarriak Merelludiko lehen igoerak ez baitu mendiko mailoterako balioko. Bigarren aldian bai balioko du eta lasterketa helmugatik 17 kilometrora dagoen Mendexako bigarren mailako igoeran erabakiko da. Momentuz 107 parte hartzailek eman dute izena lasterketan, epea bihar [uztailak 6] amaituko da.
Domekan, ezta 24 orduko atsedenik gabe, Markina-Xemeingo lasterketari ekin beharko diote. Gaztetxoek 44 kilometroko ibilbide malkartsua izango dute aurretik eta gainontzekoek 82 kilometrokoa. Gazteenak 09:45ean aterako dira Zelaia ondotik eta bidean Berriatua, Ondarroa, Mendexa, Lekeitio edota Amoroto zeharkatu beharko dituzte herrigunera itzuli baino lehen. Mendate bakarra igaro beharko dute, bertan erabakiko da mendiko saria, eta seguruenik lasterketa, Milloi ganean, hain zuzen ere, helmugatik zortzi kilometrora.
Gazteek, 23 urte azpikoek eta nagusiek bestelako herrietatik ere pasako dira, Aulesti, Gizaburuaga edota Ziortza-Bolibar ere. Milloi gane behin igo beharko dute eta Gontzogaraiganeko bi igoerek erabakiko dute beste lasterketa askoren moduan irabazlea, batez ere azken igoerak. Lasterketarako dagoeneko 109 txirrindularik eman dute izena eta epea etzi [uztailak 7] amaituko da.
Hiru maila nagusietako sailkapen orokorrean berdintasuna da ezaugarririk handiena. Gaztetxoetan Lacturale Ermitagaña taldeko Paula Ostiz da liderra 65 puntugaz, baina oso hurbil dauka Andoaingo txirrindulari elkarteko Irati Aranguren, puntu bakarrera. Gazteetan, Arabarrak taldeko Olatz Camino dago lehen postuan sailkapen nagusian eta puntu bakarrera dago ere Zatika taldeko Naroa Olano. Nagusietan ezin daiteke berdintasun gehiagorik izan. Euskaltel Laboral Kutxa Fundazioko Idoia Eraso eta Irantzu Beloki berdinduta daude 32 puntugaz.
Antolatzaileek sari asko aurreikusi dituzte banatzeko, txirrindularien adinaren arabera edota mendiko eta tarteko helmugako azkarrenentzat.