Markak hobetu nahi ditu Ondarru-Lekitto VI. kostaldeko lasterketak
Gaur [uztailak 5] egin du aurkezpena Lekeitioko Tximista Atletismo taldeak, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean.
Irailaren 24an lehiatuko da Ondarru-Lekitto VI. Kostaldeko lasterketa. Gaur [uztailak 5] egin dute aurkezpena Lekeitioko Tximista Atletismo Taldekoek Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean Lea-Artibai eskualdeko laguntzen duten udaletako ordezkariekin batera: Lekeitio, Ondarroa, Mendexa, Amoroto, Etxebarria, Berriatua, Aulestia, Munitibar eta Markina-Xemein. Izena ematea zabalik dago www.herrikrosa.eus webgunean, abuztuaren 31ra arte 18 euro balioko du eta irailaren 1etik aurrera 20 euro. Izena emateko azken eguna irailaren 22an izango da.
“Seigarren aldiz antolatuko dugu, urte oso gogorrak izan dira azken biak bereziki, baina denak batera aurrera egitea lortu dugu eta lasterketagaz ere berdina lortu nahi dugu”, adierazi dute antolatzaileek. Irailaren 24an berriro Ondarroa eta Lekeitio lotzen dituen 16 kilometroko bidea osatuko dute korrikalariek, haiek dira egitasmoaren oinarria. “Gure eskerrik beroena eman nahi dizkiegu urtero parte hartzen duten korrikalariei, errepikatzen dutenei eta lehen aldiz korrika egingo dutenei, gure helburua da azken hauek ere errepikatu nahi izatea. Oso pozik gaude, urte askotan berdin jarraitzea nahi dugu”, esan dute.
Aurten ez da berritasun handirik egongo azken urteetako lasterketagaz alderatuta. Irailaren 24an 17:00etan emango diote lasterketari Ondarroako Itsas Aurre plazan eta lehen bi kilometroak herriko kaleetatik egingo dituzte. Gero, Mendexa eta Berriatuko zonaldeak pasako dituzte. Ibilbideko azken kilometroa Lekeitioko herrigunean egingo dituzte.
Iaz lehen aldiz gehienezko parte hartzaile kopuru bat ezarri zuten Covid19ak eragindako murrizketengatik eta osasun eta segurtasun neurriengatik. Aurten ere 250 korrikalaritan zehaztu dute muga, “batez ere Ondarroako irteerako lehen kilometroetan lasterketa hobeto aurrera eraman ahal izateko, bestela irteera kontrolatua edo neutralizatua izan beharko litzateke eta gure ustez, politagoa da hasieratik korrikalariek dena emanda irtetea”.
Iaz 235 parte hartzailek eman zuten izena, inoizko markarik altuena, horietako 29 izan ziren bakarrik emakumeak, orain arteko kopururik txikiena. Horregatik Tximista Atletismo taldekoek neskei parte hartzeko deia luzatu diete. 51 herri desberdinetako korrikalariak izan zituzten iaz: 32 lekeitiar, 26 bilbotar, 14 ondarrutar edota 11 markina-xemeindar, besteak beste. Horrez gain Euskal Herritik kanpoko hiru korrikalarik parte hartu zuten.
Urtero bezala, autobus zerbitzua eskainiko du Tximista Atletismo Taldeak, lasterketa baino lehen Lekeitiotik Ondarroara, baita amaitu ostean ere, “horrela bi herrietakoak ez direnak herrietan utzi ahalko dituzte kotxeak lasterketan parte hartu ahal izateko”. Era berean, kontsignak jarriko dituzte Lekeition zein Ondarroan parte hartzaileek gauza pertsonalak bertan utzi ahal izateko segurtasun osoz. Hornidurari dagokionez, bosgarren eta hamargarren kilometroan jarriko dituzte ura hartu eta edan ahal izateko. Horrez gain, helmugan jan-edana ere banatuko dute eta parte hartu duen korrikalari bakoitzari kamiseta bat emango.
Sariak asko eta askotarikoak izango dira. Hasteko, urtero legez, lehen hiru gizonentzako eta lehen hiru emakumeentzako sariak banatuko dituzte; irabazleentzako txapela, garaikurra eta 250 euro, bigarrenarentzako garaikurra eta 150 euro eta hirugarrenarentzako garaikurra eta 75 euro. Sariak berdinak izango dira mutiletan zein nesketan. Gainera, Lea-Artibai eskualdeko lehen hiru mutil eta neskek ere saria jasoko dute, garaileak garaikurra eta 75 euro, bigarrenak garaikurra eta 50 euro eta hirugarrenak garaikurra eta 25 euro.
Duela hiru urte lehen aldiz martxan jarri zuten taldekako saria mantendu dute, hau da, Lea-Artibaiko herri bereko lehen lau gizonek eta emakumeek ere saria jasoko dute. Bermeosolo Eraikuntzari esker 200 euroko jasoko dituzte lau partaideen artean banatzeko. Zozketak ere egingo dituzte azken urteetan bezala, eskualdeko enpresa eta merkatariek haien produktuak zozketatuko dituzte korrikalarien artean. “Ahalik eta arinen jakinaraziko dugu dortsal irabazleak eta produktuak non eta noiz jaso ahalko diren”, esan dute.
Ondarru-Lekitto lasterketako azken irabazlea Yasshine Bih Bih izan zen, 2021ean eta 2019an lortu zuen garaipena bilbotarrak, eta nesketan Miriam Martinez izan zen. Lea-Artibaiko bizkorrena berriz, Marina Etxebarrieta eta Peru Robles lekeitiarrak izan ziren. Taldekakoetan, berriz, Markina-Xemeingoak nagusitu ziren emakumezkoetan eta Lekeitikoak gizonezkoetan.
Probako errekor orokorrak 2019an ezarri ziren Yasshine Bih Bihk dauka mutiletan 50 minutu eta 22 segundogaz eta nesketan Majida Maayoufek 57 minutu eta 43 segundogaz. Lea-Artibaikoari dagokionez, Ander Okamika lekeitiarrak du 51 minutu eta 41 segundogaz eta Ioana Osa ondarrutarrak ordu bat, zazpi minutu eta 28 segundo.