Nerea Ibarzabal: "Bertsoak asko eman dit eta nik ere eman diot, era desberdinetara"
Ezusteko pozgarria izan da Nerea Ibarzabalentzat jaietako pregoia jaurtitzea. Mezua pentsatzen ari da, eta daukan poztasuna herritarrekin elkarbanatzeko gogotsu dago.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zenuen abenduan, eta, orain, herriko jaietako pregoia jaurtitzeko gonbidapena jaso duzu. Zelan hartu duzu?
Ezustekoa izan zen gonbidapena. Banekien Gabonetan Bertso eskolakoak omenaldi bat egitekoak zirela, bertso eskolako gazteekin batera, baina pandemiak harrapatu gintuen guztiok, eta ezin izan zen ezer egin. Uste dut omenaldi horretatik eratorritako gonbidapena dela pregoia jaurtitzearena. Poztasun handiz jaso nuen gonbidapena, karmen zalea naizelako. Gustatzen zait txupina jaurtitzearen momentua, gainera, baina ez nuen nire burua balkoi horretan imajinatzen. Hala ere, poztasun hori elkarbanatzeko gogoa daukat.
Egindako lanari eta lortutakoari balioa emateko gonbidapena ere bada, ezta?
Beti pentsatu edo imajinatu ohi ditugu beste arlo edo pertsona batzuetako ordezkariak pregoia jaurtitzen. Aurten neure burua balkoian ikustea ez dakit zeren ondorioa den, baina nire lanari balioa emateko bada, asko eskertzen dut gonbidapena.
Sei hilabete igaro dira Bizkaiko txapela jantzi zenuenetik. Zelan ikusten duzu lortutakoa?
Kontzienteagoa naizen ez dakit, baina nekatuago nagoela, bai. Horrelako txapelek plazetan eragiten dute, eta, plazen bizibarritze bategaz bat egin du uneak. Hara eta hona nabil, leku askotan eta gelditu barik. Oso arin pasatu zait denbora, baina bidea gogorra bezain ederra izaten ari da.
Emakume bat zen txapelduna, eta zu zara orain. Emakume bertsolarien egoera zelakoa da?
Fokua non jartzen denaren araberakoa da erantzuna, eta asko izan daitezke egoerak. Azken txapelketetan nabaritu da plazetan ikusten genuen emakumeon ugaritzea. Plazan bazegoen feminismoari lotutako mugimendu bat, eta, egia da mugimendu hori txapelketetan islatu dela; azkenengoetan, behintzat. Ez modu nabarmenean, baina Nafarroan zein Xilaban igarri da.
Diskurtsoak ugaritzen ari dira.
Ez dakit gehiago garen esaten, baina uste dut badagoela batasun bat, azken urteetan Ahalduntze Bertso Eskola Feministatik lantzen aritu garena. Publikoa eta gu feminismora gerturatu ahala, eta, diskurtsoak ugaritzen eta interesgarriagoak bihurtzen joan ahala, batasuna indartzen joan dela esango nuke. Ez dakit beste garaiko emakume bertsolariek zelan sentituko duten hori, baina nik talde bat garen sentsazioa daukat, eta hori txapelketetan islatzen dela uste dut: denak gaude elkarri eusten edo elkarrentzako onena topatu nahian.
Alde handia dago txapelketa handietako eta herriko plazetako emakumeen parte hartzean?
Hor dago alderik handiena. Txapelketeta nagusietan gizonezkoek askoz parte hartze handiagoa dute. Oraindik inondik inora ez da parekoa bataz bestekoa. Plazan, berriz, esango nuke egon dela kontzientziazio bat antolatzaileen aldetik, eta zenbaki hori aldatzen hasi da. Egia da, hala ere, gehienez parez parera ailegatzen zenbatekoa, eta ez dela hori iraultzen. Hala ere, txapelketetan nabaritzen da alderik handiena. Eta esanguratsua da hori, ze lurraldeko txapelketetan norberak izena ematen du. Norberaren konfiantzak, autoexijentziak… gauza askok eragiten dute genero sisteman, eta hori bertsolaritzan ere nabaritzen da.
Lehenengoz aurten, Bizkaiko Bertso Munduko Emakumeen Lehenengo Topaketa egin zenuten Markina-Xemeinen. Zelako eguna izan zen?
Oso egun berezia izan zen. Bertso mundua etxekotasun handiko mundua da, onerako eta txarrerako, baina egun horretan sentitu genuen Bizkaiko emakume bertsolarien familia oso ederra dela. Belaunaldi berri asko datoz oso interesgarriak, dibertigarriak eta jatorrak, eta aukera izan nuen oraindik ezagutzen ez nituen gazteak ezagutzeko. Pozik sentitu nintzen eurekin abesten eta bazkaltzen.
Sareak sortzeko beharrezkoak dira halako egunak?
Beharrezkoak eta garrantzitsuak dira. Elkarrengana gerturatzen garenean gauzak aldatzen hasten dira. Estereotipo eta aurreiritziak erori egiten dira, eta benetako konexio bereziak sortzen dira, etorkizunean bilakaera polita izan dezaketenak. Gainera, plazan jende hori erosoago sentituko da elkarren lagun sentitzen bada. Gaztetxoen plazarako sarbidea gogorra izaten da, eta plaza horretan bakoitzak zenbat eta lagun gehiago eduki, orduan eta hobeto; ibilbidea luzeagoa eta politagoa izango du. Sumatzen dut gure belaunaldikoa baino sare askoz ere estuagoa dutela gaur egun. Asko nabaritzen dut hori, eta asko pozten naiz.
Zer esango zenieke bertsotan aritu gura duten, baina horretarako beldur direnei?
Bertsoa jolas modura hartzeko eta euren burua larregi ez zigortzeko. Momentu ederra da neskak elkarregaz kantatzen hasteko eta gozatzeko.
Bertsotan hasi zinenetik gaur egunera arteko bidea luzea izan da. Zelan laburbilduko zenuke?
Luzea izan da bidea, ni ere gazte hasi nintzelako bertsotan. Baina esango nuke bertsoa beti nigaz egon den gauza dela, hurrerago edo urrunago, plazan zein txapelketetan, lagun edo udaleku forman. Feminismo modura zeharkatu nauena ere bada. Bertsoak eman egin dit eta nik ere eman diot, modu desberdinetara. Eta, inoiz ez nuen esperoko bertsoari esker pregoia jaurtitzea, baina, hori ere eman dit. Bertsoak leku askotara eramaten zaitu, inoiz ailegatuko ez zinatekeen leku horietara: plaza, herri edo hiri desberdinetara. Eta hori oso aberatsa da.