"Osasuntsu" dago antxoa
AZTI zentro teknologikoa buru duen Bioman urteko kanpaina zientifikoak 230.000 tona inguruko antxoa helduaren behin-behineko biomasa aurreikusi du, espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxieneko balioa (21.000 tona) baino askoz handiagoa.
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleentzat “ona” izan da aurtengo antxoa harrapaketa kanpaina. Iazkoa, pandemiak baldintzatuta ere, aurreikusitakoa baino hobea izan zen, eta antzera aritu dira aurten. Gutxiago arrantzatu dute, –6.525 tona harrapatu dituzte guztira, %19,5 gutxiago–, baina iaz baino garestiago saldu dute –1,5 eurotan kiloa–. Tamaina handiagokoa izan da aurtengo antxoa, eta euskal kostaldetik gertuago harrapatu dute: Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan egindako deskargak 10 puntu igo dira urte batetik bestera (arrantzatutakoaren %43).
Hori horrela, AZTI zentro teknologikoa buru duen Bioman urteko kanpaina zientifikoak 230.000 tona inguruko antxoa helduaren behin-behineko biomasa aurreikusi du, espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxieneko balioa (21.000 tona) baino askoz handiagoa.
Emaitzen arabera, Bizkiako golkoan espeziearen stocka “egoera onean” dagoela adierazi du Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak: “Berri bikainak balioa ematen dio urtean zehar Euskal Autonomia Erkidegoan 3.500 pertsona baino gehiagori lana ematen dien baliabide baten ingurumen eta arrantza sektorearen iraunkortasunaren alde egin dugun apustuari”.
Rogo Pozo AZTIko zuzendari nagusiak, halaber, azken urteetan kanpaina horien emaitzen izan duten “joera positiboa” azpimarratu du, eta baikor agertu da datorren urteko arrantza aldiari dagokionez. “Biztanle guztien artean, aleen %55 adinekoa da, batez besteko zifra ertain altua, serie historikoaren batez bestekotik gora dagoena, eta 2023ko arrantza aldiak emaitza positiboak izan ditzakeela aurreikusten duena”, adierazi du zuzendariak.
Kanpaina maiatzean egin da, eta, urte amaieran, antxoaren biomasaren behin betiko zenbatespena lortuko da, Bioman 2022tik ez ezik, Pelgas 2022 eta Juvena 2022 kanpainetatik eta arrantza aldiko harrapakinetatik jasotako datuen analisi bateratutik abiatuta.
Klima aldaketaren eragina.
AZTIk zehaztu du, 20126az geroztik, Biomanek ez duela antxoaren biomasa bakarrik aztertzen, ikuspegi ekosistemikoa ere badaukalako. Hala, itsasoen iraunkortasunaren aldeko apustu integrala da, eta arrainen biomasaz gain, haien elikadura eta habitata ere aztertzen ditu, harrapakariei, aldagai ozeanografikoei dagokienez.
“Azken 35 urteetan, antxoen elikagaiearen goranzko joera ikusi dugu. Zooplanktona, eta, zehatzago, kopepodoak –krustazeo txikiak dira, zooplanktonaren ia %70 osatzen dutenak– %2,4 hazi dira hamarkada bakoitzean, eta hori albiste ona da, elikagairik gabe arrainik ez dagoelako”, diote zentro teknologikotik.