2.643 lagun batuko ditu Markina-Xemeingo Karmen Jaietako herri bazkariak
Udalak antolaketari eta zirkulazioari buruzko oharrak argitaratu ditu.
Markina-Xemeingo Karmen Jaietako ekintzarik garrantzitsuenetako bat domekako [uztailak 16] kuadrillen herri bazkaria izango da. Aurten 2.643 lagun elkartuko dira Zelaian. Eguna heldu baino lehen udalak zenbait ohar argitaratu ditu antolaketa hobe baterako. Era berean, zirkulazioan aldaketak ere aurreikusi dituzte.
Jakinarazi dutenez, mahaien muntaia 09:00etan hasiko da domekan eta ordurako kuadrilla bakoitzeko bi kide hurbilduko beharko dira. Bertan herri bazkarira izena eman duten pertsona bakoitzarentzako platera, edalontzia, sardexka, labana, koilara eta papera banatuko dituzte. Hauek bazkaldu eta gero itzuli beharko dira eszenatoki aurreko gunean, mahai-tresna bakoitza banatuta eta sailkatua, eta ahalik eta garbien.
Horrez gain, zaborra jasotzeko hiru gune jarriko dituzte zelaiaren inguruan eta edukiontzi bakoitza hondakin mota desberdinetarako izango dira. Paellak egiteko erabilitako tresnen garbiketa ezingo da iturri publikoetan egin. Gainera, bazkaria amaitu arte ezingo dituzte parte hartzaileek mahaiak pasillora atera, segurtasuna bermatu ahal izateko. Azaldu dutenez, Herritxoua hasten denerako sonbrillak eta karpak kendu beharko dira eta hau amaitu ostean, desmontai lanak denen artean egin beharko dira.
Mahaiak ageri diren eta bazkaltzeko guneak markatzen dituen planoak, orokorra eta zatika, udaleko sare sozialetan eskegi dituzte eta hurrengo egunetan herriko panel informatiboetan jarriko dituzte baita domekan zelaiaren inguruan ere. Era berean, talde bakoitzari paellak egiteko dagokion espazioa markatu da.
[MAHAIETAKO PLANOA ETA SUKALDATZEKO GUNEA]
Aldaketak. Markina-Xemeingo Udalak zenbait aldaketa iragarri ditu zirkulazioan Karmen jaiengatik. Udaletxe osteko errepidea itxi egin zuten joan den barikuan [uztailak 8] eguerdiko 12:00ak inguruan. Era honetan, jaiak iraun bitartean barraken gunea oinezkoen espazioa izango da eta segurtasuna bermatuko da. Uztailaren 20an irekiko da berriro bidea. Hurrengo egunetan hainbat errepide moztuko diren arren, garajeetako sarrerak mantendu egingo dira, hala nola: Xemein etorbidean, Aldaolan, Ostekokalean (Artibai kaletik) eta Abesuan.
Aparkalekuei dagokionez, Bizenta Mogel parkeko aparkalekuan ibilgailuak utzi ezingo direnez, bestelako aparkalekuak prestatu dira. Arretxinaga etorbideko landa (Urazkakoa) erabilgarri dago ibilgailuak bertan uzteko. Horrez gain, Lea Artibai Ikastetxe ondoko aparkalekua (Kanpu Santu ondokoa) eta ikastetxe barruko aparkalekua erabilgarri daude. Azkenik, taxien geltokia uztailaren 21era arte Iturritxu kalera (autobus geltoki ondora) lekualdatuko da.