Hortzak estutu beharko dituzte Ondarroak eta Lekittarrak
Bermeo Urdaibak irabazi duen A Coruñako banderan berdintasuna izan da nagusi traineruen artean.
2022ko Eusko Label Liga hasi besterik ez da egin, baina lau estropada besterik ez dira behar izan ontzien arteko berdintasuna ikusteko. Hiru txandak segundo gutxitan erabakitzen ari dira eta bakoitza erabakigarria da puntuak batzeko orduan. Horren adibiderik onena izan da asteburuan Galiziako uretan jokatu den A Coruñako VI. bandera, bi jardunaldietara jokatu den lehendabizikoa.
Zapatuan [uztailak 9] Ondarroa eta Lekittarra hirugarren txandan atera ziren eta ikuskizun bikaina eman zuten Santurtzigaz eta Aresegaz batera. Berdintasun handia egon zen lau traineruen artean, inor ez zen gai izan tarte handirik zabaltzeko eta dena azken luzean erabaki zen. Isuntzak azken txanpa bikaina osatu zuen eta urrezko lehen postua eskuratu zuen txandan: 20:46:80.
Antiguako Amak, berriz, txanponaren beste aldea izan zen, hirugarren sartu zen, behintzat segundo bat baino gutxiagogaitik aurrea hartu zion Soterari, 20:52:08. Erakustaldia eman zuena Bermeo Urdabai izan zen, bandera irabazteaz gain, tarte handiak zabaldu zituen aurkari zuzenekiko bigarren jardunaldiari begira. Lekittarra seigarren izan zen 29 segundora eta Ondarroa hamargarren 34 segundora.
Domekan [uztailak 10] Ondarroak maila hobea eman zuen, hobeto egokitu zen Galiziako kostaldeko uretara, batez ere itzulerako luzeetan. Hirugarren txandako Zierbena hautagai nagusiagaz lehian aritu ziren ondarrutarrak. Lehen eta hirugarren luzean Galipoak zabaldutako tartea ixteko gaitasuna erakutsi zuten Iñaki Errastiren mutilek. Azkenean bigarren izan ziren hirugarren txandan lau segundora, 20:32:60.
Osertz Aldayenak ezin izan zuten lehen jardunaldiko erregulartasuna mantendu. Bigarren txandan Getariak eta Kaikuk bizkor zabaldu zuten zuloa eta lekeitiarrak Aresegaz izan zuten borroka. Bigarren ziboagara arte aurretik egon baziren ere, luze egin zitzaien estropada eta segundo batengatik galiziarrak sartu ziren aurretik: 20:39:70. Beste alde batetik, Bou Bizkaiak asteburu ezin hobea sinatu zuen bigarren garaipenagaz eta banderagaz. Ondarroa zortzigarren izan zen 21 segundora eta Lekittarra 11. 28 segundora. Lau ontzi sartu ziren zazpi segundo baino gutxiagoko tartean, Eusko Label Ligako berdintasunaren seinale.
Sailkapen orokorrean Isuntza 9. dago 16 puntugaz eta Ondarroa 11. 12 puntugaz. Hurrengo asteburuan, Orioko bandera jokatuko da zapatuan [uztailak 16] eta Zierbenakoa domekan [uztailak 17].
Aurrerapausoa. ETE Ligan ere jardunaldi bikoitzeko estropada izan dute Ondarroako emakumeek, Portugaleteko 40. bandera jokatu da asteburuan. Antiguako Amak maila txukuna erakutsi dute. Zapatuan [uztailak 9] bigarren txandan aritu ziren eta ezin izan zuten Deusturen erritmoa mantendu eta bigarren izan ziren zortzi segundora. Hala ere, estropadan laugarren izan ziren ohorezko txandako Zumaiak baino denbora hobea lortu zuten, 11:25:63, Hibaika garailetik 12 segundora. Bigarren jardunaldian sasoi puntu ona berretsi besterik ez zuten egin. Bigarren txandan nagusi izan ziren Zumaiaren aurretik 11:08:55eko denboragaz, Hondarribia irabazlearengandik 15 segundora. Ondarroa bosgarren dago sailkapen nagusian 32 puntugaz.
Mutrikuk ere Portugaleten lehiatu zuen KAE2 ligan. Mutrikuarrek bigarren txandan parte hartu zuten zapatuan [uztailak 9] eta ez zuten egunik onena izan, denbora asko galdu zuten Portugalete eta Astillerokiko lehen luzetik, 21:48:44 haien denbora. Hala ere, orokorrean seigarren izan ziren Lapurdi irabazlearengandik 54 segundora. Bigarren jardunaldian, berriz, hobeto egin zuten arraunean. Hibaika gainditu ezin izan zuten arren, Astillero atzean utzi zuten marka ederrarekin: 21:38:88. Oro har, laugarren denborarik onena izan zen, Lapurdirengandik 19 segundora. Sailkapen orokorrean laugarren daude 28 puntugaz.