Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak 21.000 ikusle batu ditu
Asteburuko izar nagusiak Lekittoko Deabruak izan dira, “ezin hobeto ospatu dugu gure 10. urteurrena”
Inoiz baino indartsuago itzuli da Kaleka. Hiru egunetan kaleak hartu dituzte hamalau ikuskizunek. Jaialdia baino lehen antolatzaileek Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiaren “berpizkundea” izango zela aurreratu zuten eta horrela izan da. “Ezin izan gara hobeto itzuli azken bi urteetako osasun egoeraren ondorioz sortutako mugen ondoren” adierazi dute.
Harrera “bikaina” izan dela nabarmendu dute, “ikuskizunen izaera anitzaren bidez, arlo eta disziplina desberdinetako kale arteak izan ditugu jaialdian”. Antolatzaileen arabera, 21.000 ikusle baino gehiago elkartu dira egitarauaz gozatzeko. “Jarraipen handia egon da, ez bakarrik lekeitiarren aldetik, baita bisitariengandik ere, ikusleak irrikitan zeuden”, adierazi dute.
Denetarik egon da hiru egunetan: El extraño caso de la calle Brasov (Troula Animación) eta Glubs (Nacho Vilar Producciones) kalejirak, Carman (Javier Ariza), The Legend (El Gran Dimitri) eta Benditas (El mono habitado) ikuskizunen umorea, We all live in a box (Ambae Company) performance-aren musika eta kutxak, Inkululeko (Kaput), Psike (Markeliñe) eta Akabo! (Cia. Barsanti) ikuskizunek bultzatutako gogoeta, El Gran Final (Bucraá Circus) eta Circus Feria (Bambolea) taldeen zirkua edota Suricata Hoops (La Suricata Circus) eta Agustinne (Cía. Ido Loca) garapenean dauden Scratch ikuskizunak.
Protagonistak. Zalantzarik gabe asteburuko izar nagusiak, jende gehien elkartu dituztenak, Lekittoko Deabruak izan dira. Ezin izan dute modu hobean ospatu taldearen hamargarren urteurrena, jaiotzen ikusi zuten leku eta herritarren aurrean. “Inflexio puntu bat izan da gure ibilbidean, ahaztezina izan zen, dena ondo atera zen. Gauza handiak egiten dituen talde txiki bat gara. Jendeak gogo itzelak zituen hiru urteren ostean eta parte hartzea izugarria izan da, betiko modura”, esan dute Lekittoko Deabruek.
Sorpresak zituzten prest eta guzti, Mingorri atera zuten, txakur forma duen deabrua, elizaren Europako bigarren irudi paganoa. “Bizia eman genion, zeresan handia eman zuen eta gurekin jarraituko du hurrengo hilabeteetan”, aurreratu dute. Gero, kalejiran herriko kaleak zeharkatu zituzten eta plazan eman zuten azken ikuskizuna su, argi eta zarataz betetakoa.
Hurrengoaren bila. 32. Kaleka amaitu besterik ez da egin eta dagoeneko 33. jaialdirako lanean daude antolatzaileak. Udazkenean zabalduko dute Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdian parte hartzeko deialdi zabala. Aurten 400 proposamen jaso zituzten eta hamalau bakarrik aukeratu, baina datorren urtean “proposamen gehiago” izatea espero dute antolatzaileek. Informazio guztia kaleka.eus wegunean kaleratuko dute. Azkenik antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete jaialdian parte hartu dute konpainia, kolektibo eta oro har parte izan diren denei, “jaialdi hau arrakastatsua izan bada, guztiei esker izan da”.