Paula Ostiz eta Claire Steels jaun eta jabe izan dira Lea-Artibaiko 2. Txallengean
Bi txirrindulariak nagusitu dira zapatuko [uztailak 9] Berriatuko eta domekako [uztailak 10] Markina-Xemeingo lasterketetan

Lea-Artibaiko eskualdea maila guztietako txirrindulariz bete du asteburuan Lea-Artibaiko 2. Txallengeak. Indartsuena gaztetxoen mailan Lacturale ErmitagaƱa taldeko Paula Ostiz izan da eta gainontzekoetan (gazteak, 23 urte azpikoak eta nagusiak) Claire Steels. Biak ala biak zapatuko [uztailak 9] Berriatuko eta domekako [uztailak 10] Markina-Xemeingo lasterketetan nagusitu ziren, eta noski, sailkapen nagusian.
Berriatuan 14:45 irten ziren gazteenak, 42,7 kilometroko ibilbide gogorra zuten aurretik. Hala ere, beste behin lasterketa erabat zatitu zuena Merelludiko ganeko igoera izan zen. Bertan egin zuten ihes Paula Ostiz Euskaldun Torneoko liderrak eta Andoaingo Txirrindulari Eskolako Irati Aranguren bigarren sailkatuak. Bi indartsuenak izan ziren, ezin izan zuten, berriz, batek bestea gurpiletik atera eta sprintean erabaki zen Emakumeen V. Berritxu saria. Ostiz izan zen azkarrena metro gutxi batzuengatik. Hirugarren sailkatua ia sei minutura Izaro Etxarri izan zen. Irabazleak gainera Mendiko eta tarteko sariak irabazi zituen.
Nagusien artean ere antzeko lasterketa bideratu zen. Sopela Womens Team jaun eta jabe izan zen, lehen bi sailkatuak Claire Steels eta Nadine Gill izan ziren, eskutik heldu ziren helmugara. Seikote bat sortu zen, baina espero bezala, Mendexako bigarren mailako mendatean egin zuten aurrera indartsuenek. Atzean geratu ziren Maribel Roxana Agirre, Patricia Orteaga eta Lija Laizane, azken honek, berriz, ez zuen amore eman eta Askartzarko igoeran ihes egin zuen, eta podiumean sartu zen. Eneicat-RBH Global taldeko txirrindulariak irabazi zuen tarteko helmugen saria eta Claire Steelsek mendikoa.

Argazkia: Berriatuko Txirrindulari Elkartea
Domekan [uztailak 10] Markina-Xemeingo lasterketan tarteak handiagoak izan ziren, aurreko eguneko esfortzua nabaritu zuten parte hartzaileek eta beroak areagotu bakarrik egin zuen sentsazio hori. Paula Ostizek ez zuen mendaterik behar izan lasterketa apurtzeko, kostaldean egin zuen aurrera eta bakarkako lan saioan altxa zituen besoak helmugan, ospatzeko denbora eta guzti izan zuen. Bigarren eta hirugarren sartu ziren hurrenez hurren Andoaingo Txirrindulari Eskolako Izaro Etxarri eta Irati Aranguren. Azken honek eraman zuen etxera tarteko helmugetako maillota eta Ostizek mendikoa.
Gainontzekoetan Claire Steelsek bere nagusitasuna berretsi besterik ez zuen egin. Lasterketa Gontzogaraiganeko etenaldiarengatik egon zen eraginda. Istripu batengatik errepidea itxita egon zen eta ganean hartu behar izan zituzten denborak, gero Ziortza-Bolibarren berriro martxan jarri zuten lasterketa tarteak errespetatuz. Aurretik, Claire Steels, Nadine Gillek eta Ariana Gilabertek lasterketako burua hartu zuten, baina Sopela Womens Taldekoek bi baten aurkako egoera hori baliatu zuten Steelsek erasoa botatzeko eta Laboral Kutxa Euskaltel Fundazioko Gilabert jazarpenean nekatzeko, azkenean gurpilera zioan Gillek atzen uztea lortu zuen. Irabazleak 48 segundo atera zizkion bere taldekideari eta minutu bat eta 40 segundo hirugarrenari. Hori gutxi ez, eta mendiko saria irabazi zuen eta bere lagunak tarteko helmugakoak.

Argazkia: Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartea
Berriatuko eta Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteek eskerrak eman nahi izan dizkiete Lea-Artibai 2. Txallengea posible egin duten denei, antolatzaileei eta batez ere lagundu duten pertsona denei.