Lekittoko Mugimendu Feministiak urteko balorazioa osatu du
Aurtengo eginkizunak aztertzeaz gain, hurrengo urterako erronkak zehaztu dituzte.

Eskoletan egin bezala, ikasturte amaieragaz batera eta oporrak hartu baino lehen, Lekittoko Mugimendu Feministiak urteko balorazioa egin du. Talde feminista osatzen duten kideek aurtengo jarduna aztertzeaz gain, datorren urterako helburuak jarri dituzte mahai gainean.
Asko eta askotarikoak izan dira aurten antolatu dituzten ekintzak. Horretarako, funtsezko oinarria izan da Andraetxia, urrian lortu zituzten lokaleko giltzak eta maiatzean sinatu zuten akordioa Lekeitioko Udalagaz. “Herriko emakume, talde zein norbanakoentzako erreferentziazko espazio seguru bat lortu dugu, emakume denentzako espazio ireki bat, dena delakoa bere jatorri edota identitatea. Errespetuzko espazio izatea lortu dugu, gure ahotsa zapaldua ez izatea”, adierazi dute Lekittoko Mugimendu Feministiako kideek.
Inoiz elkarrekin egon gabeko emakumeak “bildu, eztabaidatu, ezagutu eta ikasi” dutela esan dute. Lehen aldia da horrelako dinamika bat aurrera eramaten dutena eta esperientzia “oso aberasgarria eta ahaldungarria” izan dela nabarmendu dute. Gainera, jarraikortasuna lortu dute haien jardunean “astero” antolatu dituztelako bilerak.
Hori gutxi ez, eta hainbat ekintza desberdinak antolatu dituzte urte osoan. Azaroaren 25eko eta martxoaren 8ko elkarretaratzeak eta manifestazioez gain, beste ekimen asko egin dituzte. Aurkezpen asko egin dituzte, “Trikua esnatu da” liburuaren aurkezpenetik “Haztarnak” dokumentalera arte. Horrez gain, tertulia desberdinak, askotariko tailerrak edota bigarren eskuko azoka ere antolatu dituzte. Lehen aldiz Andra Martxia egin zuten, 150 emakumek kolore morez bete zituzten Lekeitioko inguruak.
Datorren ikasturteari begira berdin jarraitu nahi dute. Irailean urteko plangintza osatuko dute eta hausnarketa prozesu bat zabaldu: “Nolako Andraetxia eraiki nahi dugun pentsatu behar dugu, gure oinarriak jarri edota gure jardunarekin aurrera eramaten dugun eredua zehaztu”. Ekintza bat antolatuta dute dagoeneko. Idoia Eizmendik emakumeentzako publikoan hitz egiteko tailerra eskainiko du bost saiotan banatuta: azaroaren 23an eta 30ean eta abenduaren 12an, 14an eta 19an.
Guztia posible egin ahal izateko Lekittoko Mugimendu Feministiak bere baloreen inguruan ere hausnartu du, nolakoak izan nahi duten. “Gure helburua gizartea hobetzeko lan egitea da eta hori gauzatzeko, espazio baten beharra genuen, Andraetxia, hain zuzen ere. Bertan, denaren gainetik errespetuagaz, aniztasuna onartu eta aberastasun bilakatu dugu, elkar zaintza erdigunean jarriz”, adierazi dute. Horrez gain, malgutasuna jarri dute zutabe moduan, “inor ez baita ezinbestekoa eta motibazioz egiten dugu egiten duguna egoera berrietara egokitzeko”. Azkenik, funtsezko baloreak jarri dituzte mahai gainean, hala nola, “koherentzia, konstantzia, konplizitatea, ilusioa, ikasteko gogoak edota arazoak konpontzeko borondatea”.