Galarrena egunean egitarau oparoa antolatu du Lekeitioko kultur elkarteak
Zapatuan [uztailak 16] ekimen asko eta askotarikoak egingo dituzte elkartearen egoitzan.
Galarrena eguna ospatuko du Galarrena Lekeitioko kultur elkarteak zapatuan [uztailak 16]. Udako egitarauaren parte da eta egun osoko ekintzak antolatu dituzte elkartearen egoitzan. “Beti herriari zabalik, galarrena gara!” lelopean egin dute parte hartzeko deia antolatzaileek. Horrez gain, elkarteko kamiseta eramateko proposamena luzatu dute.
Yogagaz emango diote hasiera Galarrenari egunari. 11:00etatik aurrera Elene Okamikak yoga saioa eskainiko du kultur elkartearen goiko aretoan. Gero, 15:00etan, bazkarirako elkartuko dira denak. Orain arte 20 pertsonak inguruk eman dute izena, baina antolatzaileek nabarmen gehiago espero dituzte, “beti azken orduan ematen dute izena askok”. Izen ematea Galarrenaren elkartean eman behar da eta egunean bertan ordaindu beharko da bazkaria. Aurreratu dutenez, 10-12 euro inguruko prezioa izango du. Bazkal osterako bingo musikatua antolatu dute.
Arratsaldean musika izango da protagonista Galarrena egunean. 18:30ean Zuttik elektrotxarangagaz hartuko dituzte Lekeitioko kaleak. Egunari amaiera emateko AKD! Dj-ak gaueko ordu txikietara arte luzatuko du Galarrena eguna.