Lekitto musika bandak 'Irrati Bista' emanaldia eskainiko du XVI. Plazakuan
Barikuan [uztailak 15] 23:00etan plazara itzuliko dira azken bi urteetan Abaroa Jauregian jo ondoren.
Lekitto musika bandak Irrati Bista emanaldia eskainiko du barikuan [uztailak 15] 23:00etan XVI. Plazakuan. Urtzi Iriondo zuzendariak irrati denei, handi zein txikiei, egin nahi izan die omenaldia, batez ere ingurukoei, hau da, Ondarroako Radixu irratiari, lehengo Arrakala irratiari edota Bizkaia irratiari.
Azken bi urteetan Abaroa Jauregian egin eta gero ostabe plazara itzuliko dira. Ohiko kontzertuetako formatu klasikotik aterako da aurten Lekitto musika banda. Berez, ez dute kontzertu bat emango, irratsaio bat izango da emankizuna. “Duela 100 urte Estatu Batuetan egiten zen bezalako irratsaio bat prestatu dugu, elkarrizketak izango ditugu gonbidatuekin eta bandak sintoniak sortuko ditu, irratietan bezala”, azaldu du Iriondok.
Sintonia Asier Ituartek sortu du, bandan urte askoan aritu ondoren lehen aldiz egin ditu sormen lanak. Gonbidatuak ere entzutetsuak izango dira, bat datozenak Irrati Bistagaz. Alde batetik, Xabier Zabala konpositore zarauztarra erakarri dute Lekeitiora arte. Zabala 17 urtetan egon da Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsegaz lanean, baita Korrontzi taldean ere edota Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoan.
Joseina Etxebarria izango da bigarren gonbidatua. Esatari ataundarra euskal irratiko aitzindari nagusietako bat da musikari dagokionez Gaztea Irratian zein Euskadi Irratian. Bi izar hauek elkarrizketatzeko ardura Aitor Abaroak izango du. “Emakumeen bila egon gara denbora askoan, baina ezezko erantzun asko jaso ditugu. Era positiboan ikusten dugu, lan kontuengatik izan direlako, emakumeen indarra erakusten du”, zehaztu du zuzendariak.
Urtzi Iriondo duela lau urtetik darama irratsaio bat sortzeko ideiagaz buruan. Oso gutxitan, zuzendariak dakidala inoiz, aurkeztu den formatua da musika banda batentzat irratsaioarena, “omenaldi bat da, historian leku bat egiteko modu bat”. Horregatik, emanaldia grabatu egingo dute.
Sarrerei dagokionez, salgai daude gaur [uztailak 13] eta bihar [uztailak 14] 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 19:30etara Nautika ondoan. Barikuan, kontzertu egunean bertan ere jarriko dituzte salmentan 10:00etatik 13:00etara. Sarrera bakoitzak hiru euro balio ditu.
Horrez gain, Lekittoko musika bandak bi zozketa zabaldu ditu sarrera eskuratzeko. Jakinarazi dutenez, Radixu Irratian eta Bizkaia Irratian bi sarrera bikoitz zozketatuko dituzte. Bandaren Instagram eta Facebook kontuetan bestelako zozketa zabaldu dute. Bi pertsona sarituek beste bi gonbidatu ahalko dituzte bandaren azken entsegu orokorra lehen pertsonan bizitzera, bihar [uztailak 14] 20:00etan.