Beroak ezin izan du Markina-Xemeingo Karmen Jaietako Kuadrillen Eguna gelditu
“Olgetan” taldeak irabazi du bazkal osteko Herritxoua.
Eguzkiaren onena gerizpea dela diote askok, esaera hori berretsi egin zen atzo [uztailak 17] Markina-Xemeingo Karmen Jaietako Kuadrillen egunean. Gerizpea zen, hain zuzen ere, tokirik preziatuena tenperatura altuei aurre egin ahal izateko. Beharrezkoak zen, ezinbestekoa.
Goizea goizetik ekin diote markina-xemeindarrek egunari, 09:30etarako kalean zeuden txistulariak kalejiran. 11:30ean Open Bizkaiako esku pilota partidak jokatu ziren frontoi txikian eta ostean, musika eskola, trikitixa eskola eta Alarabi kalejiran irten ziren herriko kalerik kale.
Ordurako, berriz, asko ziren lanak aurreratuta zituztenak paellei dagokionez. Asko zegoen egiteko, kuadrillak handiak dira eta beroa jasateko, edateaz gain, garrantzitsu zen jatea. Inprobisatuko ur jolasak ez ziren falta izan, txikienek, eta ez hain txikiek, erabili zituzten freskatzeko. Guztira 2.643 markina-xemeindar elkartu ziren Zelaian bazkaltzeko, ohitura den legez.
Ikuskizuna. Sabela beteta, Herritxouak jaso zuen herritarren arreta guztia. Luis Egurrola alkateak eta Rakel Dominguez eta Rakel Anitua Abarka Antzerki Taldeko aurkezleek eman zieten ongietorria parte hartzaileei. Show ikusgarria eman dute.
Irabazleak Olgetan taldekoak izan ziren, bigarren Singer Morning taldea eta hirugarren Morelarre talde feministaren aldarrikapen entzutetsua. Laugarren DK Dance izan zen, bosgarren Iban Mendizabal eta seigarren Ane Maguregi eta Kattalin.
Horrez gain, Markina-Xemeingo Hemen Be Bai merkatari elkarteak banatzen zuen elkarteko dendetan egindako erosketa tiket altuenaren irabazlea Tuxuri izan zen. Elkartearen erakuslehio lehiaketari dagokionez, Casa Pepa eta SK8 izan ziren irabazleak.