Arkeologia Eguna antolatu du Lekeitioko Udalak
Abuztuaren 4an bisita tailerrak, hitzaldiak eta bisita gidatuak eta birtualak egingo dituzte.
Lekeitioko Udalak Before Art Project eta IIPCgaz (Instituto Internacional de Investigaciones Prehistoricas de Cantabria) elkarlanean Arkeologia Eguna antolatu du abuztuaren 4an. Egitarau oparoa prest dute egun osorako, aukerak nahieran zabaldu dituzte, goizean eta arratsaldean.
Goizerako bi ekintza antolatu dituzte. Alde batetik, Isuntza eta Zubiburuako kobazuloan bisita gidatuak egingo dituzte, Paleolitoko argiztapena erabilita. “Helburua da kobazulo eder horren eraketa arkeologikoaz gozatzea Paleolito garaiko argiztapena erabilita, hau da, koipezko lanparak”, adierazi dute. Sei laguneko taldeak osatuko dituzte, nagusiak zein umeak, sei bisita aurreikusi dituzte (10:00etan, 10:30ean, 11:00etan, 11:30ean, 12:00etan eta 12:30ean) eta bisita bakoitzak 30 minutuko iraupena izango du, euskeraz edo gazteleraz. Antolatzaileek mendiko arropa eta botekin joatea gomendatu dute, eta kaskoak eta argiak haiek jarriko dituzte.
Plazan, hain zuzen ere, umeentzako Paleolito garaiko pigmentuen tailerra egongo da 10:00etatik 13:00etara. “Denon artean Paleolito garaiko irudiak egiten saiatuko gara, Mineralez (hematitea, limonita, manganesoa) zein egur ikatzez eginiko pigmentu naturalekin”, esan dute. Horretarako, pigmentuak, ura, folioak, harri xaflak eta plastikozko estalkiak, arropa ez zikintzeko, antolakuntzak jarriko ditu. Hala ere, gomendatu dute arropa zaharrak eramatea, “beti zikinduko gara zer edo zer”.
Bi ekintzetarako aldez aurretik izena emateko deia luzatu dute, before_art@unican.es edo beforeartproject@gmail.com posta elektronikoetara oinarrizko datuak bidaliz. Hala ere, egunean bertan, Zubiburuako kobazuloaren kanpoaldeko plazan izena emateko aukera emango dute.
Arratsaldean, Atxurrako kobazuloko bisita antolatu dute, bisita desberdina, sentsoriala, erreplika birtualen bidezkoa: “Berriatuko Atxurrako kobako Zaldien Erlaitza sektorearen erreplika birtuala bisitatzea VR (errealitate birtuala) betaurrekoak eta telekomandoa erabilita. Helburua da kobazuloa apaindu zuten garaian, Madeleine aldian, kobazuloak zuen itxura birsortzea, soinu eta irudiak barne. Bisitariak grabatuak egin berri baleude bezala ikusiko ditu, zuziri baten argipean”. Eusebio Erkiaga kultur etxean izango da ekintza, nagusi zein umeentzako eta euskeraz eta gazteleraz. Guztira hamar minutuko hamalau txanda antolatuko dituzte, 16:00etatik 18:00etara eta 19:30eatik 21:00etara.
Bi txanden arteko tarte horretan bi hitzaldi egongo dira, kultur etxeko Azkue aretoan. Batetik, Maria Angeles Medina-Alcaideren “Más allá del arte: Iluminando el contexto arqueologico de las cuevas decoradas” 18:00etatik 18:45era, eta bestetik, Iñaki Intxaurberen ”Paleolito garaiko espeleologoak: irisgarritasun zaileko gune apainduak Euskal Herrian” hitzaldia 18:45etik 19:30era.