'Portuko amarriak' irabazi du Lekeitioko jaietako 35. bajadako sari nagusia
Pedro Zabala berrogeita bi urtez Anteroren jaitsiera antolatzeko arduraduna izan denak bota du gaur [irailak 1] txupina.

Lekeitioko San Antolin jaiek leher egin dute gaur [irailak 1]. Gogo asko zeuden, erabateko normaltasunarekin, jai giroaz gozatu ahal izateko, eta herritarrengan lehen egunetik nabaritu da. Orain zazpi egun dituzte aurretik. Iraileko lehen eguna bajadaren eguna da Lekeition. Kuadrillek azken asteetako lanaren emaitzak erakutsi dituzte, asko eta askotarikoak izan ziren mozorroak, bata bestea baino originalagoa.
35. bajada osatu eta gero, plaza kolorez bete da. Lepo beteta zegoenean jaitsi da Antero jaietako protagonista kanpandorretik. Aurten, 42 urteren ostean, ez du Pedro Zabalak Antero jaisteko ardura izan, bestelako lanak izan ditu, txupina botatzearena, hain zuzen ere. Hunkituta jaurti du Zabalak: «Gora sanantolinak!».
Jaiak eztanda egin bezain laster eta Ohian Vegak jarritako musikarekin banatu dituzte 35. bajadako sariak, hauek izan dira irabazleak:
-Kitto saria: Urte berriko kotilloia
-Sari berezia: Batukada
-Umeen saria: San Fermin
-Sari nagusia: Portuko amarriak
Egitarau luzea dute aurretik lekeitiarrek, biharko San Antolin Egunetik hasita. Ekintza asko dituzte kirolak, jolasak, bertsoak edota musika. Xenki eta Murgiren heriotzaren 50. urteurrena da. Martitzenean Eusko Jaurlaritzaren ikerketak ebatzi zuen Guardia Zibilak hil zituela. Udalak harrera instituzionala egingo die senideei eta Goiko kalean ekitaldia egongo da.
SAN ANTOLIN JAIETAKO EGITARAUA



















































































































































































































































































































































































































