Xenki eta Murgi gogoan izan dituzte hilketaren 50. urteurrenean, Lekeitioko jaietan
Sebastian Losadak irabazi du XVII. txapel jaurtiketa txapelketa gaur [irailak 2], Uribarren kalean.
Duela 50 urte Lekeitioko San Antolinak ez ziren beti bezain alaiak eta koloretsuak izan, guztiz beltzak baizik. 1972ko irailaren 2an hil zituzten Xenki eta Murgi, aste honetan Eusko Jaurlaritzaren ikerketa batek ebatzi du Guardia Zibilak hil zituela ETAko bi kideak. Gaur [irailak 2] 50. urteurrenean gogoan izan dituzte.
Lekeitioko Udalak harrera instituzionala egin die Xenki eta Murgiren senideei. Udaletxeko pleno aretoa txiki geratu da bertaratu diren guztientzat. “50 urte luze eta gogorren ostea, baina egia, handik edo hemendik, beti agertzen da. Prozesu guzti hau hasi genuen zinegotziak, lehengo eta gaur egungoak, gaude gaur hemen senideei babesa erakusteko”, adierazi du Koldo Goitia Alkateak. EH Bilduko Miren Tere Aboitiz udaleko ordezkariak “memoria kolektiboaren aldeko” mugimenduak bultzatu ditu.
Xenki eta Murgiren senideek ere hitza hartu dute: “Xenki eta Murgiren lana goraipatu nahiko genuke, gudariak izan ziren, herri baten aldeko borrokalariak, antifrankista eta antifaxistak. Ez dugu inoiz ahaztuko Lekitioko herriak egin zigun harrera, plazan egindako elkarretaratzea, adibidez. Eskerrak eman denoi, batez ere herritarrei, maitasun, errespetu eta babesagatik”.
Udaletxeko aretoa txiki geratu bada, zer esan Goiko kaleaz. Lepo bete da Egiari Zor Fundazioak antolatutako ekitaldirako. Denetarik egon da, ez da ezer falta izan. Lehendabizi, egun beltz hartako gertakariak laburbildu dituzte. Gero, Martin, Xenki eta Murgiren garaiko kidea, igo da oholtzara, ezin izan ditu malkoak eutsi beraien izenak ahozkeratzerakoan, pare bat aldiz eten behar izan du bere testigantza, “lagunak ziren eta oso harro sentitzen gara horregatik”.Â
Ostean, flauta doinuekin irakurri dute haien omenezko olerkia, “50 urteko isilaldia, bost hamarkada lotsagarri, mende erdi bateko bidegabekeria, ahaztu ezin duen herria. Justizia lore bat da, moztuz gero usteltzen dena”. Xabat Galletebeitia bertsolariak ere bertsoa abestu du. Egiari Zor Fundazioaren izenean, Maiana Bustinza, Guardia Zibilak hildako Jose Miguel Bustinzaren alabak, hitz egin du. Bustinzak egia ezagutzeko lana goraipatu nahi izan du “egia ezagutzeko garaia zen”.
Bi gaztek aurreskua dantzatu dute dendari kalean dagoen plakaren aurrean, eta bertaratutakoek arrosa gorriak utzi dituzte “Eusko gudariak” abesten Tasio Erkiziak, Arantza Zuluetak eta senideek, besteak beste.
Etenik gabe. Lekeitioko San Antolin jaietako egitarauak ez du etenik, goiz, arratsalde eta gauez. Gaur [irailak 2] jokatu da XVII. txapel jaurtiketa eta hauek izan dira irabazleak:
1-Sebastian Losada (26 metro)
2-Josu Gallastegi (25.8 metro)
3-Imanol Uribe (25.5 metro)
SAN ANTOLIN JAIETAKO EGITARAUA