Espainiako zesta-puntako kluben arteko txapelketa jokatuko da Markina-Xemeinen
Uni frontoian jokatuko da asteburuan [irailak 10-11] lehen fasea eta irailaren 24 eta 25ean finalaurrekoak eta finala.
Espainiar Estatuko harrobietako puntistarik onenak, nesketan zein mutiletan, Markina-Xemeinen elkartuko dira hurrengo asteetan. Uni frontoiak hartuko du taldeen arteko 54 metroko pilotalekuko Espainiako txapelketa. “Giro eta maila handia izango dugu frontoian, ikuskizuna ziurtatuta egongo da”, diote antolakuntzatik.
Ez da gutxiagorako ere, nesketan bost klubek parte hartuko dute ume eta gazte mailetan: Berriatuko eta Markina-Xemeingo zesta eskolak, Baskonia kataluinarrak, Mutrikuko Danok Bat eta Andoaingo Gaztelu. Lea-Artibai eta Mutrikuko klubak dira hautagai nagusiak txapelketa irabazteko.
Gizonezkoetan, berdintasun handiagoa aurreikusten da, maila handiko puntistek parte hartuko dute. Bederatzi taldek eman dute izena, Mutrikuko Danok Bat, Markina-Xemein, Berriatua, Zumaia, Noain, Gasteiz, Cavanillas, Hondarribia eta Herrialde Katalanetako Baskonia. “Nagusietan maila izugarria dago, horregatik ez dago faborito argirik, Manzi, Antxon, Lekue edo Eñaut bezalako pilotariek parte hartuko dute”, adierazi dute antolatzaileek.
Txapelketa bi asteburutan banatu dute antolatzaileek. Zapatuan eta domekan [irailak 10-11] lehen fasea jokatuko da, hau da, multzokakoa, finalaurrekoetarako txartelak banatuko dituenak. Zapatuan, 10:00etatik aurrera nesken bi partida eta mutilen hiru jokatuko dira, eta arratsaldean, 16:00etan, nesken beste bi eta mutilen beste hiru. Domeka goizean emango diote amaiera lehen faseari, 11:00etan hasiko da jaialdia, nesken bi partida eta mutilen hiru egongo dira ikusgai.
Finalaurrekoak irailaren 24ean jokatuko dira, 11:00etatik aurrera ariko dira nesken bi semifinalak, eta gero, gizonezkoen beste biak. Final handiak irailaren 25ean jokatuko dira 11:00etan. “Zaleak hurbiltzea espero dugu, giro polita sortu nahi dugu, txapelketa handia baita”, esan dute.