Galdu ezin diren istorioak
Pepetxo duela 200 urte Amorotoko Atxurra auzoko kobazulo batean bizi izan zen pertsona da. Ades espeleologia elkartea bere historioa ikertzen ari da.
Pepetxo duela 200 urte Amorotoko kobazulo batean bizi izan zen pertsonaia bat da, Atxurra auzoan, hain zuzen ere. Gaur egun bere istorioa eta historia ia desagertu bada ere, badira oraindik zaharren kontakizunetatik tiraka egiten dutenak. Horretan dabil Ades Espeleologia Elkartea, tartean Oier Gorosabel elkartekidea. «Memoria egin eta berreskuratu nahi dugu».
Hasiera batean taldea Busturialdeko herritarrez osatuta zegoen, baina Lea-Artibaiko kideak batzen hasi ziren. «Pepetxoren kasua aztertzeke genuen». Adesen lanetako bat da Bizkaiko espeleologia lanketak katalogatzea, eta, horretarako, erreferentziak hartzen dituzte, jasotako datuak berritzeko, emaitzak urteen poderioz aldatu egiten direlako.
Historia guztia idatzita dagoela diote askok, baina beti dago berritasunak edo xehetasunak aurkitzeko aukera. Ez dago azken hitza idatzita. Adesek, esate baterako, Pepetxoren haria jarraitu du, Joseph Diaz de Castro zela jakin arte. Pepetxo edo Joseph Diaz de Castro Quijasen (Reocin, Kantabrian) jaio zen. Bide luzea izan omen zuen Amotororaino, espeleologoek bere istorioagaz izan duen bezalakoa.
Pepetxoren kobazuloaren lehen aipamena 1935ean agertu zen, Jose Miguel Barandiaran espeleologoagaz, Telesforo Aranzadigaz eta Enrike Egurenegaz. Barandiaranek, berriz, ez zituen emaitzak 1948ra arte argitaratu: «Amoroton Atxamonte izeneko mendi bat dago, Armiña errekaren aldean Pepetxon-kobia izeneko kobazulo bat dago, bertan Pepetxo izeneko pertsona bat bizi izan zen, berak ekarri omen zuen patataren laborantza eskualdera».
Koba Amoroton bazegoen ere, Berriatuko mugatik oso hurre zegoen, bi sarrera zituen eta handia zen. 1962ko azaroaren 25ean, «Barandiaranen erreferentziak hartuta», Juan Maria Apellaniz arkeologoak eta Jesus Altuna paleontologoak Pepetxoren kobazuloan barneratu ziren. Kobazuloa handia zen, eta inguruko hainbat galeria hartzen zituen bere baitan. Sartu zirenek beste kobak izendatu zituzten: Pepetxo I, II, III, IV…
Lehen pausoa. Gorosabelek auzotarren uneoroko elkarlana eta laguntza goraipatu ditu. «Apellanizek eta Altunak, adibidez, Atxurra baserriko Antonio Argintxonaren gidaritza izan zuten». Horrela, auzokideei galderak eginez sartu zen baita ere Ades Espeleologia Elkartea Amorotoko auzoan 2012an. Kideek entzunda zuten Pepetxoren istorioa, baina aurkitzeko lan handia izan zuten: «Auzokideen laguntza barik ez genuke aurkituko Pepetxo I kobazuloa». Elkarteak datu asko bildu zituen kobazuloan, baita datu etnografikoak ere.
Istorio askogaz gertatzen den bezala, Pepetxorena karpeta batean gordeta geratu zen, ez aurrera ez atzera, berritasunen eta albisteen zain, berriro zabaltzeko esperoan. 2019an, Aitor Iturbek Lekeitioko Kurik kultur aldizkarian Markina-Xemeingo fraileen komentu batean aurkitutako Amorotoko baserrien zerrenda bat argitaratu zuen. Albo batean, eskuz idatzita zegoen: «1797ko maiatzaren 5ean lurperatua izan zen Joseph Diaz de Castro, Quijasekoa, Atxurrako kobazuloan bizi izan zen».
Pepetxo izan behar zen. Kantabriako Reocineko zonalde horretan, gainera, kobazulo asko daude, beraz, ez zen harritzekoa izango Pepetxok dagoeneko bizileku horien berri izatea. Iturbe, espeleologia elkartearen jardunaren jakitun, haiekin jarri zen harremanetan zuzenean. «Ezin genuen sinistu», pentsatu zuten. Gorosabelek argitu du idazkian aipatzen den Atxurrako kobazuloa seguruenik ez dela gaur egungoa. Egungoa 1882an aurkitu zen Lekeitio eta Markina-Xemeinen arteko errepide berriaren eraikuntzan.
Hori gutxi ez, eta Jabi Aranguenak 1882ko ekainaren 27an El Noticiero Bilbaino egunkarian idatzitako aipamena bidali zion taldeari. Egungo Atxurra kobazuloari buruzko albistea zen. «Bazegoen gizon bat egunero Amorotora joaten zena meza entzuteko, patatak bakarrik jaten zituena, landatzen irakasten zuen».
Gorosabelentzako oraindik harrigarria da Pepetxo Kantabriatik Amorotora heldu izana; «itsasotik heldu omen zen susmoa daukagu». Harrigarria iruditzen zaio baita ere herrikoekin harremanetan jartzeko gaitasuna izatea: «Garai horietan euskaraz aritzen ziren denak». Zergatiaren bila ari dira orain: «Betiko legez, gehiago da ez dakiguna, dakiguna baino». Halere, ikerketa ez dute amaitutzat eman, batek daki-eta noiz eta non agertu daitekeen hurrengo hari soltea.
Lehenengotakoa. Horietako bat da Barandiarani baserritarrek esandako ahozko lekukotasuna: «Pepetxok ekarri omen zuen patata Amorotora, berak erein zituen». Egiaztatzeko lanetan daude, «datek, behintzat, bat egiten dute». Azken ikerketen arabera, 1772an heldu zen patata Euskal herrira Irlandatik. Real Sociedad Bascongada de los Amigos del Pais izeneko jauntxo talde bat arduratu zen Bizkaia eta Gipuzkoako baserritarrei banatzeaz. «Oraindik aztertu behar dugu zelan eta zergatik jaso zituen Pepetxok patatak», dio Gorosabelek.