Lekeitioko futbol zelaia, Kepa Naberanen izen eta omenean
Gaurko [irailak 10] ekitaldiak futbol zelaiko berrikuntza lanak aurkezteko baliatu dute.

Lekeitio eta Basurtoren arteko neurketaren aurretik herriko futbol zelai berrituaren aurkezpena osatu dute. Gaurtik [irailak 10] aurrera Kepa Naberan Kalazakorta udal futbol zelaia izango da eta goitik beherako itxuraldaketa du. Ekitaldian Koldo Goitia alkateak, Ainhoa Elordi futbol taldeko presidentak eta Bizkaiko Foru Aldundiko eta Athleticeko ordezkariek parte hartu dute, noski, Naberanen senideak buru zirela. Goitiak hitz onak bakarrik izan ditu 2013ko apirilean hil zen Kepa Naberan eta bere familiarentzat eta eskerrak eman dizkio berregituraketa “posible egin duten” ordezkariei.

Ekitaldian Kepa Naberanen senideez eta udaleko eta futbol taldeko ordezkariez gain, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Athleticekoek ere parte hartu dute.
Elordik bide beretik jo du. Lehendabizi, eskerrak eman nahi izan ditu, Abel Iriondori, zuzendaritza taldeari eta baita jokalariei ere, “lanak iraun duten hilabeteetan beti ondoan, laguntzeko prest egoteagatik”. Presidentak gogoratu du bere familiak “lehen pertsonan” bizi izan zuela Naberanen ekarpena Lekeitioko futbol taldean. “Gaurtik aurrera denek jakingo dute nor izan zen Kepa Naberan eta zer egin zuen herriarengatik eta herriarentzat”, adierazi du.
Ekitaldiari amaiera emateko, eta Lekeitio eta Basurtoren arteko partida hasi baino lehen, alkateak eta presidentak futbol zelaian jarri duten plakaren kopia eta lore sorta eman dizkie.

Ainhoa Elordik eta Koldo Goitia oroigarriekin.
Berregituraketa. Lekeitioko Udalak abuztuaren 12ko Osoko Bilkuran aho batez onartu zuen izen aldatzea: “Naberanek lan bikaina egin zuen Lekeitioko ume eta gazteen artean futbolarekiko zaletasuna sustatzeko eta presentzia handia izan zuen taldearen barnean”. Naberan Lekeitioko Futbol Taldeko sortzaileetako bat izan zen Jose Ramon Barcina eta Zorion Zabalagaz batera.
Omenaldia futbol zelaiaren berrikuntzak aurkezteko ere balio izan du. Azken bi urteetan lan handiak osatu dira bi fasetan bananduta. Batetik, 2021eko udan, harmailak eta aulki berriak instalatu, argiteria eta ureztapena berriztu eta hurrengo fasean soropila handitu ahal izateko beharrezko ziren aurretiazko lanak egin ziren.

Kepa Naberanen senideek osatu dute Lekeitio-Basurto partidako ohorezko sakea.
Bestetik, 2022ko udan, jokalekuari dagokionez, soropil zaharra kendu eta berria jarri da, ekipamenduarekin (porteriak, markagailua) eta aspertsoreekin batera, jokalekuaren oinarria egokitu ondoren. Horrez gain, aldagelen eraikina egokitu dute. Barrualdean igeltserotza lan txikiak egin dira, dutxetako sakagailuak, ihinztagailuak eta hustubideak aldatu dituzte, eta eserleku zein ateak aldatu. Kanpoaldetik, egitura metalikoa eta hormak margotu, megafonia instalazioa berriztu, larrialdietako argiak jarri, ureztatze sistemarentzako ur-depositu bat instalatu eta aldagelen aurrealdeko espaloia handitu dituzte.
Lanen zenbatekoa 611.965,89 eurokoa izan da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol sailetik 287.927,00 eurokoa izan da.


































