Munitibarko Gerrikaitz auzoko jaiak, beti bezain alaiak
Gaur [irailak 10] Andra Mari Jaietako egun handia dute egitarau oparoagaz.

Andra Mari Eguna eguenean [irailak 8] izan bazen ere, Munitibarko Gerrikaitz auzoan asteburuan ospatzen ari dira jaiak. Atzo [irailak 9] hasi ziren munitibartarrak jai giroagaz, umeek batez ere, haien eguna baitzen, oreka eta akrobazia tailerrak izan zituzten eta dantza emanaldia gero.
Gaur [irailak 10] nagusiek hartu dute lekukoa. Goizean jolas kooperatiboak egon dira plazan, eta gero, herritarrak elizpeko bazkarian elkartu dira, guztira 140 munitibartar bildu dira mahaiaren inguruan. Bazkalosterako ezin izan dute aukera hoberik izan. Batetik, musika, Joxe Mendizabalen erromeriagaz, plazan, edo karta jokoagaz bestela.

Karta jokoan elkartu dira Munitibarko Gerrikaitz auzoko herritarrak bazkalostean.
Kantokoa Elkartean mus eta briska txapelketak jokatu dituzte, 30 eta 16 partaidek eman dute izena, hurenez hurren. Egunari amaiera emateko Dj Kool-ek girotuko du gaua. Bihar [irailak 11] Gerrikaitzen jaiekin jarraituko dute, 12:00etan dantza emanaldia egongo da, eta gero, kirola. Lehendabizi, Gerrikaitzeko II. harri jasotze txapelketa, eta ostean, lasto jasotzea eta botatzea, Erleaga eta Obietaren eskutik. Andra Mari Jaiak beste urte batera arte agurtzeko kopaua egongo da.

Joxe Mendizabal erromeriari hasiera emateko prest.