Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Alkarteak I. pintxo lehiaketa antolatu du
Irailaren 16an amaituko da izena emateko epea, Markina-Xemeingo Berrikuntza Gunean.
Lea-Artibaiko Landa Garapen Alkarteak lehen sektorea bultzatzeko helburuagaz, ekintza desberdinak antolatzen ditu eskualdean. Aipagarrienetariko bat, urriaren 8an antolatuko den Markina-Xemeingo azoka nagusia da, tradizio handikoa. Egitarauari hasiera emateko, bertoko produktuekin egindako I. Pintxo lehiaketa antolatu du alkarteak. “Helburuak dira lehen sektorea ezagutarazi eta bultzatzea, bertoko produktuen kontsumoa sustatzea eta haiekin egin daitezkeen pintxoen merkaturatzea”, adierazi dute antolatzaileek.
Lehiaketan edozein herritarrek parte hartu dezake, sukaldari profesionala izan edo ez. Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago eta irailaren 16an amaituko da, egunean bertan ere eman ahalko da izena, Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Alkartearen bulegoan, Markina-Xemeingo Berrikuntza Gunean, Xemein Etorbidea 12-An. Bertan izen-emate fitxa eta pintxoaren errezeta zehatza aurkeztu beharko dira, argazkiarekin batera.
Bi pintxo izango dira saituak eta bakoitzaren egileak 200 euroko saria jasoko ditu. Epaimahaia Hamen Bertokoa-ko hiru taberna edo jatetxeetako sukaldariek osatuko dute. Epaimahaikideek hainbat arlo izango dituzte kontuan irabazleak aukeratzekoan. Pintxoa egiteko erraza izan beharko da baita originala ere. Sasoiko eta Lea-Artibai eskualdean ekoiztutako produktuekin egina izatea. Horren harira, jakinarazi dute, gehienez bost produktu erabili ahalko direla eta pintxoan ogia erabiliz gero, osagarri bezala hartuko dutela kontuan.
Parte hartzaileek errezeta erabiltzeko eskubidea eman beharko diote antolatzaileei. “Errezeta sarituak ostean Hamen Bertokoa taberna eta jatetxeetan eskaini ahal izango direlako irabazleak bestelako kontraprestaziorik jaso gabe”, argitu dute. Irailaren 19ko astean elkartuko da epaimahaia eta sariak jakinaraziko dizkiete irabazleei. Irailaren 28an Etxebarrin egingo duten prentsaurrekoan banatuko dituzte sariak. Pintxo irabazleak bertan egongo dira ikusgai, Peñascal S.Coop.-eko ikasleek sukaldatuta.