Markina-Xemeingo Uhagon Kulturguneak ikastaro berriak antolatu ditu
2022/2023 ikasturterako proposamenetan izena emateko epea irailaren 15ean amaituko da
Beste ikasturte batez Markina-Xemeingo Uhagon Kulturguneak ikastaro asko eta askotarikoak prest ditu adin guztietako herritarrentzat. Izena emateko epea irailaren 15ean amaituko da, egunean bertan izena eman daiteke. Antolatzaileek hiru bide zabaldu dituzte horretarako: 94-616 63 03 telefono zenbakia, 640 29 09 64 Whatsappa eta kulturgunea@uhagon.com posta elektronikoa.
Umeek, esate baterako, aukera asko izango dituzte eskuragarria, nahi dutena hautatu ahal izateko. Dantzan, 3, 4 eta 5 urteko umeentzat hastapen ikastaroa antolatu dute, eta 5 urtetik gorakoentzako, dantza klasikoa. Gainera, 6 urtetik gorakoek estilo desberdinak garatu ahalko dituzte dantza tailerrean. 8 urtetik gorakoek, berriz, dantza modernoa izango dute aukeran. Antzerki tailerra ere badago 9 urtetik gorakoentzat. Oihal eta trapezio ikastaroak arrakasta handia izan du, eta dagoeneko itxaron zerrenda dagoela esan dute antolatzaileek.
Gazte eta helduek ere proposamen asko dituzte, gimnasia eta luzaketak, taichi, saloi dantzak eta sevillanak, besteak beste. Hori gutxi ez, eta berritasunekin datoz aurten Uhagon Kultugunekoak. Lehendabizikoa, Lindy Hop dantza ikastaroa da, hau da, Swing musika dantzatzen dena. “Hamarkadetan, jazz musikarekin batera modan jarri zena eta gaur egun indar handia hartzen ari den generoa da”, adierazi dute. Bestelakoa da adierazpen mugimenduko ikastaroa, non erlaxazioa, masajeak edota gorputz kontzientzia lantzen diren.
Bi berritasunetan izena emateko gonbita zabaldu dute kulturgunetik, taldea aurrera eraman ahal izateko. Ballet taldea ere indartu nahi dute. Ikastaroa ia guztiak urrian hasiko dira, eta prezioak desberdinak dira. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo Uhagon Kulturgunearen webgunera: https://uhagon.com/ikastaroak/
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hasiera baten proposatutako egun eta ordutegietan aldaketak egon daitezke izena ematen duten pertsona kopuruen arabera. “Ikastaro baten interesa izanez gero, baina jartzen dituen egunak ez bazaizkizu ondo etortzen, deitu edo idatziguzu, agian beste aukeraren bat zabaldu daiteke”, zehaztu dute.