Ondarroak onenen artean amaitu du denboraldia
Emakumezkoetan Oriok eta gizonezkoetan Bermeo Urdaibaik irabazi zuten atzo [irailak 11] Kontxako ikurrina.
Amaitu da Ondarroako Arraun Elkartearen denboraldia, onenen artean amaitu dute, Donostiako badian Kontxako ikurrina preziatua lehiatzen. Joan den domekan, lehen jardunaldian, zortzigarren denbora ezarrita, ahalik eta ondoen lehiatzeko helburuagaz ureztatu ziren ondarrutarrak. Lehen txandan Orio, Zierbena eta Kaiku izan zituzten aurkari.
Hirugarren kalea egokitu zitzaion Antiguako Amari zozketan, berez, itsasoaren egoeragatik lehen eta bigarren kaleak ziren onenak. Hala ere, ezin hobeto ekin zioten estropadari Iñaki Errastiren mutilek, lehen paladak sendoak bezain onak izan ziren beste hiru traineruei aurrea hartuz. Pixkanaka, berriz, Eusko Label Ligako sailkapenean aurretik dauden ontziek erritmoa egonkortu zuten eta Ondarroak lehen beroaldi hori garesti ordaindu zuen.
Ziaboga bakarrean Oriok ezarri zuen denborarik onena, bi segundora heldu zen Zierbena eta bost segundora Kaiku eta Ondarroa. Itzulerako luzean txanda irabazteko hiru hautagai nagusien artean lehia bizia egon zen. Kaiku Orioren atzean kokatu zen, espazioa errespetatu barik, berriz, eta nahiz eta txanda irabazi, hiru segundoko zigorragatik bigarren izan ziren. Ondarroa 11 segundora heldu zen, denboraldiari amaiera emanez.
Iñaki Errasti entrenatzaile “pozik” agertu da denboraldi amaierarekin, nahiz eta sasoi “gogorra” izan dela aitortu duen: “Ligan sailkapeneko beheko postuetatik urrutiago egotea nahi genuen. Uztaila oso gogorra izan zen guretzat, ekainean lesioak izan zituzten arraunlari garrantzitsuek, ni ere minduta aritu nintzen. Abuztuan, kideak berreskuratzen joan ginenean, gure mailak gora egin zuen, burua altxa genuen eta ez dugu estutasunik izan”. Atzo [irailak 11] gainera sentsazio hobeekin amaitu zuten estropada, “lehen jardunaldian ez genuen gure maila eman, baina bigarrenean arantza kentzea lortu genuen”. Hori gutxi ez, eta ondarrutarrek Kontxako jai giro bereziaz gozatzeko parada izan zuten, mahai inguruan elkartu ziren elkartekoak denboraldiari amaiera emateko.
Abantaila kudeatuz. Bermeo Urdaibaik nagusitausn osoz irabazi zuen 127. ikurrina. Lehen jardunaldiko zazpi segundoko tarteagaz nahikoa ez eta bermeotarrek erakustaldia eman zuten zuloa handitzeko. Hondarribia arin geratu zen urrun eta Donostiarrak bakarrik lehen luzean iraun zuen Bou Bizkaiaren erritmoa.
Alain Kolunga, Iban Martinez eta Mikel Azkarate ondarrutarrak eta Iñaki Goikoetxea Tabero lekeitiarrak garaipena lortu zuten ontzi urdinean. Taberok gainera “poztasunez” hitz egin zuen eta mezu zuzen bat bidali: “Urte osoan oso kontzentratuta goaz, emozio eta gorabehera asko dira, eta halakoetan pertsona askogaz gogoratzen zara. Badakit pertsona bat Zaballako espetxetik ikusten egon dela, eta Iurgi Garitagoitiari besarkada estu bat bidali nahi diot, eta ea denak laster etxean dauzkagun”.
Emakumezkoetan, Oriok gogotik sufritu behar izan zuen Arraun Lagunaken aurka lehen jardunaldiko bi segundoko abantaila mantentzeko. Azkenean txanda irabaztea lortu zuten oriotarrek, baina 14 ehunenengatik bakarrik. Ikuskizun ederra eskaini zuten zortzi traineruek. Ondarrutar bat ere protagonista izan zen Orioko ontzian, June Aranbarrik bere bigarren Kontxa irabazi zuen, Zumaiagaz 2013an eskuratutakoaren ostean.
127. Kontxako Banderaren gizonezkoen sailkapen orokorra:
1.- Bermeo-Urdaibai: 38.57,48
2.- Donostiarra: 39.13,52 (+16,04)
3.- Hondarribia: 39.27,96 (+30,48)
4.- Orio: 39.55,06 (+57,58)
5.- Getaria: 39.56,04 (+58,56)
6.- Zierbena: 40.01,96 (+1.04,48)
7.- Kaiku: 40.23,08 (+1.25,70
8.- Ondarroa: 40.37,90 (+1.40,42)
127. Kontxako Banderaren gizonezkoen 2. jardunaldia:
1.- Bermeo-Urdaibai: 19.35,92
2.- Donostiarra: 19.44,26 (+8,34)
3.- Hondarribia: 19.58,76 (+22,84)
4.- Zierbena: 20.03,56 (+27,64)
5.- Orio: 20.04,48 (28,56)
6.- Kaiku: 20.04,78 (28,86)
7.- Getaria: 20.11,06 (+35,14)
8.- Ondarroa: 20.12,76 (+36,84)
XV. Kontxako Banderaren emakumezkoen sailkapen orokorra:
1.- Orio: 21.14,32
2.- Donostia Arraun Lagunak: 21.16,62 (+2,30)
3.- Donostiarra: 21.37,80 (+23,48)
4.- Tolosaldea: 21.37,83 (+23,51)
5.- Hondarribia: 21.48,95 (+34,63)
6.- Hibaika: 21.56,41 (+42,09)
7.- Cabo: 22.02,59 (+48,27)
8.- Chapela: 22.21,74 (+1.07,74)
XV. Kontxako Banderaren emakumezkoen 2. jardunaldia:
1.- Orio: 10.36,80
2.- Donostia Arraun Lagunak: 10.36,94 (+0,14)
3.- Tolosaldea: 10.45,00 (+08,20)
4.- Donostiarra: 10.46,98 (+10,18)
5.- Hondarribia: 10.58,48 (+21,68)
6.- Hibaika: 10.58,50 (+21,70)
7.- Cabo: 11.02,94 (+26,14)
8.- Chapela: 11.06,56 (+29,76)