Aulestiko Santa Eufemi jaiek tradizioa eta berritasunak uztartuko dituzte
Irailaren 16an, 18an eta 23an jai giroan murgilduko dira aulestiarrak. Urte askoren ondoren, Ermitara Igoera eta Irrintzi Txapelketa mantentzen dituzte.
Jendearen gehiengoak udako oporrak amaitu baditu ere, oraindik herriko jaiak ez dira amaitu. Bihartik aurrera Aulestin ospatuko dituzte Santa Eufemia Jaiak, irailaren 16an, 18an eta 23an. Adin guztientzako egitarau oparo prest du udalak eta jai batzordeak. «Desiratzen gaude jaiei hasiera emateko, eguraldiari begira, gora begira, euria egingo duen ala ez jakiteko», adierazi du Ainhoa Galdos udaleko kultur zinegotziak.
Bi urteren ostean jaietaz normaltasunegaz gozatzeko irrikitan daude herritarrak. Denbora luzea darama Galdosek egitaraua lantzen: «Musika taldeekin aspaldian jarri ginen harremanetan, pandemiaren ostean asko hartuta daudelako. Gainontzeko ekintzei dagokionez, asko urtero egiten ditugunak direnez, antolaketa errazagoa da».
Irailaren 16an, Santa Eufemia Egunean, tradizioa jarraituz, meza egingo dute. Gero, ume eta gazteek bolo eta txapel jaurtiketan izango dute. Arratsaldeko 18:00etan helduen txanda izango da txapel jaurtiketagaz. Musikarako tartea ere handia izango da, arratsaldetik gauera arte. 16:00etatik 19:00etara Mirari eta Lutxurdiogaz hasiko dira dantzan aulestiarrak, baina gero doinu ezberdinetara egingo dute jauzi Swingtronics taldeagaz, plazan. «Denok ezagutzen ditugun kantak moldatzen dituzte, haien eremura eraman, Jazz eta Bossa Nova estiloetara. Betiko musikatik pixka bat aldendu nahi izan dugu eta bestelako generoei aukera eman», azaldu du Galdosek. Ostean DJ Uesebe egongo da.
Ermitara igoera. Domekan ere meza egingo dute, eta gero, elkarretaratzera deitu du Aulestiko preso eta iheslarien aldeko mugimenduak Euskal Preso Politikoen eskubideen alde.
«Betiko ekintzak mantentzeari garrantzi handia ematen diogu, urte asko daramatzagu lasterketa edo Irrintzi Txapelketa antolatzen, eta jarraitu egiten dugu»
13:30ean egitarauko plater nagusietako bat jokatuko da, 41. Ermitara Igoera. Iaz 23 parte hartzaile egon ziren, eta azkarrenak Julen Aranguena eta Maialen Zamakola izan ziren. Aulestiarren artean, ostera, Igor Urionabarrenetxea eta Izaro Aranburu. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan sari berak jarri dituzte, irabazleak 90 euro eta txapela, bigarrenak 75 euro, hirugarrenak 60 euro, laugarrenak 45 euro eta bosgarrenak 30 euro. Horrez gain, aurreko marka gainditzen duenak 60 euroko saria jasoko du. Herriko lehenengoarentzat ere saria egongo da, eta parte hartzaile denek kopaua jasoko dute. Mendian gora ibiltzen ez direnek 32. Irrintzi Txapelketan izena eman dezakete, irabazleari 85 euro eta txapela emango diote, bigarrenari 70 euro eta hirugarrenari 45 euro.
«Betiko ekintzak mantentzeari garrantzi handia ematen diogu, urte asko daramatzagu lasterketa edo Irrintzi Txapelketa antolatzen, eta jarraitu egiten dugu», esan du kultura ordezkariak. Berritasunetako bat da, domekako erromeria, goiko zelaian mantenduko dutela, iaz bezala. Barikuan zein domekan 11:00etan Lekoiztik Santa Eufemirako bidea itxiko dute.
Musikaz blai. Irailaren 23an rock kontzertuen txanda izango da Aulestiko Santa Eufemi Jaietan. 22:00etan hasiko da jaialdia eta hiru talde igoko dira oholtzara. Lehenengo Ginger talde zarauztarrak joko du, ostean Mungiako Lukiek taldeak, eta azkenik, Keike rock talde ondarrutarra. Egun horretan, Gababus zerbitzua egongo da Aulestiraino.